Hazparneko sei margolariak eta beren lagunak, Aitor Bereziartua zinegotzia, Aitor Bengoetxea Kulturazeko kidea eta hainbat azpeitiar. (Maialen Etxaniz)
Urteetan zehar egindako margolanak Azpeitira ekarri dituzte Hazparneko sei artistek, eta erakusgai jarri dituzte Sanagustin kulturgunean. Atzo, osteguna, aritu ziren prestaketa lanetan, beste hainbat hazpandarrekin batera, eta erakusketa zabalik izango da gaurtik aurrera Sanagustinen.
Guztira, sei artistek ekarri dituzte euren lanak Azpeitira. Lorentxa Beyren, Loyatho Benaten, Mattin Partarrieuren, Dardel Beatriceren, Christine Etcheniqueren eta Irkus Roblesen margolanak dira kulturgunean ikus daitezkeenak. Artista bakoitzaren artelanak oso ezberdinak dira beraien artean, eta hori azpimarratu zuten atzo.
Aurten 30 bete dira Azpeitia eta Hazparne senidetu zirenetik, eta urteurrenaren harira antolatu dute erakusketa. Aurrerago, Azpeitiko hainbat margolari joango dira hara beraien lanak erakustera, esposizio bateratu batekin.