Lortutako markekin gustura daude maratoi erdiaren antolatzaileak

Mailo Oiarzabal 2017ko apirilaren 7a

Aurtengo munduko maratoi erdi azkarrenen artean kokatu da Diego Garcia zenaren oroimenezko Azkoitia-Azpeitia lasterketa.

XXIV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren irteera. (Ihintza Elustondo) Joan den larunbatean jokatu zen XXIV. Azkoitia-Azpeitia lasterketaren antolatzaileak gustura azaldu dira, atletek lortutako markei esker munduko maratoi erdi azkarrenen artean kokatu baita Diego Garcia zenaren oroimenezkoa. Hain zuzen ere, Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) osatzen duen sailkapenean, 2017­an orain arte egin diren maratoi erdien artean, gizonezkoen mailan 11. tokian ageri da Azkoititik Azpeitirakoa, eta emakumezkoen mailan 12.ean; irabazleen denborak aintzat hartuta, bietan ere. Maratoi erdiko lasterketetan urtea hasi denetik gaurdaino mundu osoan zehar egindako marka guztiak kontuan hartuta, berriz, Loiolako helmugan aurrena izan zen Joseph Kiptumena da 25. onena gizonezkoetan, eta Desi Jisarena 30.a emakumezkoetan. Eliteko atleten kontrataziorako dirua murriztu behar izan du Azkoitia-Azpeitiak, eta askoz aurrekontu potoloagoekin lan egiten duten probez inguratuta ageri da IAAFen zerrendan. "Paris, Bartzelona edo Santa Polako (Alacant, Herrialde Katalanak) maratoi erdien aurretik geratu da gure lasterketa gizonezkoetan. Emakumezkoetan, berriz, 12. lasterketa azkarrena da, Lisboa eta Santa Polaren aurretik", nabarmendu du antolakuntza taldeko Agustin Jimenezek. Ibilbide berria, ona Ibilbide berria estreinatu du aurten Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak eta "hobekuntzak nabariak" izan direla uste du Jimenezek. Haizea, euria eta hotza kontra izan arren, marka onak erdietsi zituzten korrikalariek eta, gainera, "korrikazaleen iritziek ere horrela adierazi" dietela esan du azpeitiarrak. Horrek poztu ditu bereziki antolatzaileak. "Ibilbide berria prestatzeak lan asko ematen du, eta kezka asko sortu ere bai. Horregatik, orokorrean, oso gustura gaude". Marketara itzuliz, emakumeen maratoi erdiko Euskadiko errekorra ere ezarri zuen zapatuan Elena Loyo arabarrak; 01:13:24 izan zen haren denbora, eta zazpi segundotan hobetu zuen aurrez zuen marka. Jisa irabazlearena, berriz, Azkoitia-Azpeitiaren 24 urteotako hirugarren denborarik onena da. 2018koa, martxoaren 24an Aurtengo edizioa erabat ixteko "oraindik lan mordoa" gelditu arren, begiz jota dute dagoeneko antolatzaileek 2018ko lasterketa. Mende laurdena beteko du datorren urtean Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak, eta data seinalatua ondo prestatu nahi dute. "25.a buruan" duela aitortu du Jimenezek. "Merezi du saiatzeak. Eliteko atleten kontratazioan 2008-2009ko zenbakietara itzultzea eta zaleei ere zerbait erakargarria eskaintzea nahiko genuke, eta horren bila joango gara. Ideiak eta asmoak badauzkagu". 2018ko lasterketaren data da daukaten bestea. Datorren urteko martxoaren 24an jokatuko da XXV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. "Data aurrez zehaztea erabaki dugu, aurtengoa ez errepikatzeko". Donostiakoa apirilaren 15erako iragarri dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide