Alurreko kideak Mikel Laboaren 'Gogo eta gorputzaren zilbor hesteak' abestia dantzatzen. (Alurr)
Bi puntu, eta batetik bestera heltzeko bideak asko, baina helburua bakarra: bi punturen arteko bidea dantzaren bidez marraztea. Horretan saiatuko da Ibarrako Alurr dantza taldea zapatuan, Soreasu antzokian (19:00) eskainiko duten
Bi punturen artean ikuskizunean.
Lerroen eta puntuen arteko jolasaren sorburua bi artistaren lanak uztartzetik dator. Hala azaldu du Alurreko zuzendari Elixabete Nosellasek: "Carmiña Dovale arkitektoak bi puntu lerroen bidez lotuz egiten ditu marrazkiak. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, Alurreko musikaria izana baita. Haren ilustrazioen erakusketa bat ikustera joan ginenean otu zitzaigun irudi haien bueltan zerbait sortu behar genuela".
Dovaleren marrazkiei zentzua emango zien hitzak aurkitzen ez zuten lanik izan; izan ere, Joxean Artzeren olerki bat ezinhobeto zetorkien lan haiei:
Bi punturen artean zein da biderik laburrena? Biderik ederrena! Eta zein da biderik ederrena? Egiara daramana. Dantzaren bidez, beraz, bi artisten ibilbideak lotzeaz gain, irudien eta letren matazan biderik ederrena aurkitzen saiatuko dira Alurreko kideak.
Aiert Beobide koreografoaren gidaritzapean, 2015eko abenduan hasi zituzten proiektua egosteko lanak, eta urte hartako ekainean estreinatu zuten
Bi punturen artean lana.
Bertsioak moldatuta
Hiru osagairen bueltan loratuko den ikuskizunak dantza tradizionala, klasikoa eta garaikidea uztartuko ditu. Nosellasek aurreratu duenez, Soreasura bertaratzen denak "dozena bat dantza" ikusteko parada izango du: "Iñar Sastre eta Joana Ortega musikariek hainbat abeslariren lanak moldatu dizkigute, eta, besteak beste, Mikel Laboaren, Iñaki Salvadorren, Alos Quarteten, Albokaren, Amaraunaren eta Igelaren Bandaren kantuekin egingo dugu dantza". Moldaketa lanez gain, Sastrek eta Ortegak "bereziki Alurr taldearentzat kantu bana sortu" dutela gaineratu du zuzendariak: "Lehenbizikoak fandango pieza bat egin du; eta bigarrenak,
Bakardadea izenekoa".
Oholtzan ikusi ahalko diren jantziak Ramon Garcia diseinatzailearenak dira. Jantzi "oso bereziak", tolosarraren esanetan: "Parisko jantzien kutsua dute Garciaren diseinuek". Ordu eta laurdeneko iraupena duen ikuskizunean, 16 eta 23 urte artean dituzten hogei dantzarik parte hartuko dute, guztira.
Nosellasek mende laurdena darama Alurr dantza taldearen zuzendari karguan, eta emanaldi hau "taldearentzat berezia eta ikusleentzat fina" dela dio. "Oso berezia dela diot, oso geurea delako; euskaldunentzat egindako proiektua da, alegia". Bestalde, Azpeitian eskainiko duten emanaldiak pertsonalki "ilusio berezia" egiten diola adierazi du Nosellasek. Izan ere, bizitzaren patua medio, hasierako hainbat parte hartzaile bidean geratu dira, lan kontuengatik edo beste konpainia batzuetara joan direlako. Baina, tolosarraren esanetan. Alurren dantza harrobia "indartsu" dago, eta ume zirela taldean dantzan hasitako hainbat gazteren debuta zapatuan izango dela adierazi du.
Bi saio berri, labean
Bi punturen artean ikuskizuna eskaintzen batera eta bestera dabiltzan bitartean, sormenaren makina herdoildu ez dadin, proiektu berriak egiteko lanean dihardute. Hala, momentu honetan esku artean bi egitasmo berri dituztela aurreratu du: "Euskal Herriko sorginen ingurukoa da bata, eta maiatzaren 27an estreinatuko dugu Ibarran bertan. Erlijioaren ikuspuntutik landuta, garai batean izan ziren borrokak irudikatuko ditugu, emakumeek zuten papera oinarri hartuta. Beste lana, berriz, Ibarrako San Bartolome jaietan, abuztuan, taularatuko dugu, eta mistikoagoa izango da. Euskal dantzen elementu berriak sartuta, fusio berezi bat ari gara lantzen".
Ibarran dantzaren mugimendua 90eko hamarkadaren hasieran loratu bazen ere, 1995. urtean erregistratu zuten Alurr, eta taldearen ia mende laurdeneko ibilbidean hainbat ikuskizun taularatu dituzte:
Sua (2008),
Oinazez (2010) eta
Izanak Dirau 1512 (2012), besteak beste.
Euskal Herriko hainbat antzoki zapaltzen ez ezik, sukalde lanetan proiektu berriak egosten "gogotsu" ari da Ibarrako konpainia. Ondoren, ereindako uztaren emaitza taularatzeak sortzen duen "ilusioa dugu lagun".