Bertanen moda desfileak hartuko du igandean Sanagustin kulturgunea

Urola Kostako Hitza 2017ko apirilaren 5a

18:00etan hasiko da ekitaldia Sanagustin kulturgunean, eta herriko 13 saltokik parte hartuko dute bertan. 10 urtetik gorakoek bi euro ordaindu beharko dute sarrera, eta, gainerakoek, euro bat. 100 euroko erosketa bono bat zozkatuko dute bertaratzen diren herritarren artean.

Moda desfilean parte hartuko duten Bertan elkarteko saltokietako kideak. (Julene Frantzesena) Bertan herriko merkatarien elkarteak moda desfilea antolatu du iganderako. 18:00etan hasiko da ekitaldia Sanagustin kulturgunean, eta herriko 13 saltokik parte hartuko dute. Aurten, gainera, antolaketan KAI elkartearen laguntza izan du merkatari elkarteak, eta hilabeteotan haiekin egindako elkarlana azpimarratu dute Bertanekoek, "esfortzu handia delako horrelako ekintza bat osatzea". Guztira, 60 modelo izango dira igandean pasarelan, hala nola haurrak, gazteak nahiz helduak. "Bertan bizi, bertan erosi" filosofiarekin lotuta antolatu dute desfilea, eta Bertaneko ordezkariek azaldu dutenez, "herritik eta herriarentzat" egindako desfilea izango da. "Herritik, bertako jendeak parte hartuko duelako, eta herriarentzat, bertakoei zuzendutako ekintza izango delako". Antolatzaileen esanetan, desfilean ez da musikarik, umorerik eta kulturarik faltako, eta Olatz Prat kazetari eta abeslariak gidatuko du saioa. Atsedenaldietan, berriz, Ane Jurado bakarlaria izango da oholtzan. 10 urtetik gorako herritarrek bi euro ordaindu beharko dute desfilerako sarrera, eta euro bat gainerakoek. Ondoren, bertaratzen diren herritarren artean zozketa bat egingo dute, eta desfilean parte hartzen duten dendetan gastatzeko 100 euroko erosketa bono bat irabazi ahalko dute horiek. .Herriko saltoki hauek erakutsiko dituzte beren produktuak eta zerbitzuak desfilean: Babesa Gazte Moda, Zuri-Beltz, Ilargi, Kukua, Biur, Amelie, Arantxa haur jantziak, Haurtxoa, L. Xaxarki, Koket, Piper, Luix Beltza eta Prest tindategia. Desfilearen gunea egokitzeko eta dekoratzeko lanak Naiara Larrañagak eta Kimu Batek egingo ditu. Bertaneko kideek eskerrak eman dizkiete desfilea antolatzen lagundu dute erakunde eta norbanako guztiei, modelo lanetan ariko direnei, Bilboko Armengol ile apainketa eta estetika zentroari, Sanagustin kulturguneari, Azpeitiko Udalari eta KAI elkarteari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide