875 lasterkarik hartuko dute parte Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian, eta 270ek proba motzean

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 31

Patinatzaileen lasterketa 16:40ean izango da, lasterketa herrikoia 16:45ean eta maratoi erdia 17:00etan.

Pasa den edizioko garailea, Emmanuel Bett, helmugara iristen. (Ana Abarisketa) XXIV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia egingo dute bihar. Atzo amaitu zen Internet bidezko izen-ematea, eta antolatzaileek jakitera eraman dutenez, 875 atletak eman dute izena maratoi erdian, eta 270ek proba motzean. Hori horrela, bi lasterketetan 2016an baino ehun lasterkari baino gehiagok hartuko dute parte. Azaldu dutenez, "mila parte-hartzaile izan behar da gure kopurua maratoi erdian", eta "gustura" daude. Biharko proban Gipuzkoako txapelak ere izango dira jokoan. Eliteko atleten artean izango dira gizonezkoetan Titus Mbishei, Joseph Kiprono Kiptum eta Emmanuel Bor keniarrak eta Elias Kibret Mola etiopiarrak. Emakumezkoetan, berriz, Josephine Jepkoeh Kiby, Beatrice Mutai, Leonidah Jemwetich Mosop eta Stacy Jepkemoi Ndiwa keniarrak, Bahraingo Desi Jisa eta Elena Loyo euskal herritarra. Garciaren ametsa egi bihurtuz, azken urteetako legez, patinatzaileen lasterketa 16:40ean izango da, lasterketa herrikoia 16:45ean eta maratoi erdia 17:00etan. Hala ere, ibilbide berria izango du biharko probak. Azkoitian eta Azpeitian geltoki aldaketak izango dira bihar, lasterketa dela eta. Azkoitian, ordu jakin batzuetan aldatuko dira geltokiak, eta Azpeitian, berriz, 15:30etik 19:30era bitartean geltoki guztiak aldatuko dira. Diego Garciaren arreba Carmen Garciari Urola Kostako Hitzak egindako elkarrizketa irakur daiteke hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide