Txikon eta Larrañaga apustua itxi zuten unean.
Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak eta Alex Txikon mendigoizale lemoarrak harrijasotze, aizkora eta korrika
apustua hitzartu zuten herenegun, Mendizabal erretegian. 19:00ak pasatxo zirela jarri ziren bi kirolariak eta haiekin negoziatzera bertaratuko lagunak mahaiaren bueltan, eta ordubetetik gora behar izan zuten apustua ixteko.
Uztailaren 1ean jokatuko dute erronka, 19:00etan hasita. Larrañagak etxean jokatuko du; izan ere, Azpeitiko zezen plazan izango da proba. Bi kirolariek 100 kiloko zilindro zaharra hogei aldiz jaso beharko dute; Txikonek hamar kanaerdiko ebaki beharko ditu ondoren, eta Larrañagak hamabi kaaerdiko; eta, horrez gain, 7,5 kilometro egingo dituzte korrika –75 bira zezen plazari–.
6.000 euro jarri dituzte jokoan, eta 1.000na euro aurreratuko dituzte, seinale bezala. Sarreretatik biltzen duten dirua, berriz, bien artean banatuko dute.Ebaki beharreko enborrak Txikonek jarriko ditu, baina, apustuaren egunean, bien artean erabakiko dute zeinek zeintzuk moztuko dituen.
Apustua adosteko negoziazioa estua izan zen. Bi aldeek kirolari batek besteari lan batean edo bestean atera diezaiokeen aldea jarri baitzuten behin eta berriz mahaiaren gainean. Txikonen aldekoek Larrañagak hari aizkoran atera diezaiokeen aldea nabarmendu zuten, eta Larrañagaren aldekoek, Txikonek aizkolariari korrika atera diezaiokeen abantaila.
Ordubete pasaren ostean itxi zuten apustua bi aldeek. Larrañagak dio ez dela oso ohikoa hainbeste denbora pasatzea. "Zenbait unetan ematen zuen ez genuela apustua itxiko. Txikonek egitea nahi zuen kosta ahala kosta, eta egin egingo dugu". Txikonek ere dio «kostata» egin zutela tratua eta "behin baino gehiagotan" pentsatu zuela ez zutela akordiorik lotuko. "Gogorra izan zen, baina bi aldeek baldintzak apur bat arindu genituen, eta baietz esan zuten. Nik apustua egitea nahi nuen".
Egin beharreko lanak adostu eta apustua itxi izanagatik, hitzartutakoarekin oso gustura ez zirela gelditu adierazi zuten batzuek eta besteek. Ordu batzuk pasatuta, ordea, beste era batera ikusten du apustua Larrañagak. "Egin genuen apustua, eta zer esango dut ba... Orain prestatu egin behar". Halere, aizkolari azpeitiarrak azaldu du apustua "hobea" izan zitekeela, Txikoni "dezenteko abantaila" eman diolako: "Halere, hiru hilabete hauetan pixka bat prestatzen banaiz, hortxe-hortxe ibiliko gara, apustua estua izango da". Txikonek ere "apustua irekia" dela nabarmendu du. "Abantaila eman dit, baina Otaegiren apustuko denborak-eta ikusita, eta ondo pentsatuta, uste dut Larrañaga dela faboritoa".
Txikon "gustura" dago tratuarekin, eta Everesteko egonalditik errekuperatu, eta prestatzen hasi behar duela azaldu du. "Datozen hiru asteetan ezingo dut lasterka egin; beraz, harrijasotzen eta aizkoran prestatzen hasiko naiz. Horiek dira Larrañagaren probak, eta hor saiatu behar dut. Korrikako saioak beldur gutxiago ematen dit. Hori bai, Larrañagak etxean jokatuko du, eta prestatzeko ere herrian du zezen plaza".
Ez dute lehen apustua
Uztailaren 1ekoa ez da izango lehen apustua, ez Larrañagarentzat eta ez Txikonentzat. Mendigoizaleak bi apustu egin ditu aurretik. Lehena, 2009an egin zuen, Joxe Felix Zubizarretaren aurka. Hamasei kanaerdiko ebaki behar zituzten, eta Zubizarretak enbor baten aldearekin irabazi zion lemoarrari. 2010ean egin zuen bigarren apustua Joseba Otaegi aizkolariaren aurka. Orduko hartan, 25 aldiz jaso behar izan zuten 100 kiloko zilindro zaharra, hamalau kanaerdiko enbor ebaki zituzten eta 7 kilometro egin zituzten korrika. Otaegik irabazi zuen, lanak Txikonek baino 4 minutu eta 43 segundo gutxiagotan bukatuta. Beraz, uztailaren 1ean izango du lemoarrak bi apustu horien ostean gelditutako harra kentzeko aukera.
Larrañagak ez du eskarmentu handirik apustu kontuetan, baina Txikonen aurka egingo duena ez du aurrenekoa izango; izan ere, 2014ko azaroaren 29an jokatu zuen azpeitiarrak Eneko Otaño aizkolari beizamarraren aurkako desafioa. Estreinako apustua zuen Larrañagak, eta aise irabazi zion Otañori, bi enborren aldea atera baitzion. Otañok hamar kanaerdiko eta bost 60 ontzako enbor ebaki behar izan zituen, eta Larrañagak hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako. Azpeitiarrak beizamarrak baino 3 minutu eta 48 segundo lehenago bukatu zituen lanak.