'Bizilabe' azoka egingo dute urola erdiko ikasleek bihar, Azkoitiko plazan

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 30a

Floreaga, Ikasberri, Iraurgi, Urola eta Xabier Munibe ikastetxeetako gazteek tailer pilotuetan egindako prototipo zientifiko-teknologikoak aurkeztuko dituzte

Gaurko saioko irudia. (Argazkia: Iraurgi Berritzen) Bihar, Floreaga, Ikasberri, Iraurgi, Urola eta Xabier Munibe ikastetxeetako ehun gaztek baino gehiagok Bizilabe Azoka egingo dute Azkoitiko plazan. Azken asteetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek tailerren bidez garatutako prototipo zientifiko-teknologiko aurreratuak aurkeztuko dituzte; besteak beste, mikrobiologia, elektronika eta prototipazioa. Iraurgi Berritzenek zuzendu du egitasmoa, Elhuyarren gidaritza teknikoarekin. Irakasleei zientzia eta teknologia irakasteko oinarri metodologikoen inguruko prestakuntza eskaini dizkiete. Horrez gain, ikasleei hainbat tailer pilotu eman dizkiete, gaitasuna eta prestakuntza hobetze aldera. Esperimentuak ere egin dituzte polimeroen edo nanoteknologiaren alorrean. Azokan, Prototipatzean murgiltzen tailerrean fabrikatutako produktuen prototipoak ikusi ahal izango dira, bai eta frutekin egindako pianoak eta jokoak ere. 17:00etan ikasleei harrera egingo diete eta udal ordezkariekin argazkia aterako dute. 17:30etik 19:00etara, berriz, ikasleen aurkezpenak izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide