Carmen Garcia: "Askotan, herritarrek Diego miresten jarraitzen dutela sentitzen dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko mar. 30a, 10:38

Etzi jokatuko da Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren XXIV. edizioa. Data hurbiltzen ari den honetan, urteroko legez, "urduri" eta "hunkituta" daude Diego Garcia zenaren senitartekoak.

Diego Garciaren arreba Carmen eta iloba Oihane. (Julene Frantzesena) Hainbat lasterkari hartuko dituzue etxean. Hamasei urte dira Diegoren lagunak etxean hartzen hasi ginela. Ostiraletik igandera hemen izango dira Alejandro Gomez, Juan Antonio Crespo eta Alberto Juzgado, beren senitartekoekin. Zer da zuentzat Diegoren lagunak etxean hartzea? Urduritasunez eta emozioz bizi ditugu egun hauek. Izan ere, Diegoren lagunak dira. Diego gurekin dagoela sentitzen dugu. Lasterketa hasi aurretik omenaldia egiten dizuete... Oso gaizki pasatzen dut, urduri jartzen bainaiz. Baina zirraragarria izaten da oso. Irteteko tiroak berak hunkitu egiten ninduen, eta, orain, aurreskuarekin... Diegoren oroimena bizirik mantentzea lortu du Azkoitia-Azpeitiak. Bai, eta harro gaude horretaz. Gainera, ez da egun jakin batzuetako kontua, urte osoan zehar ere, jendeak gogoan izaten du. Anaiaren eskultura ere hor dago, hil zen tokian, eta jende askok ukitu egiten du handik pasatzean. Gauza horiek guztiak hunkigarriak dira. Askotan, herritarrek Diego miresten jarraitzen dutela sentitzen dugu. Diegoren ametsa ere bete dute antolatzaileek: eliteko korrikalariak eta lasterketa herrikoikoak batera aritzen dira korrika. Hemen balego, oso pozik egongo litzateke. Beno, dagoen tokian egonda ere, gustura egongo da. Horregatik, guri ere oso egokia iruditu zaigu proba herrikoia eta maratoi erdia batera egitea. Diegoren oroimenez egiten den guztia da ongietorria. Museoa dirudi zuen garajeak. Diegoren dozenaka oroigarri eta garaikur dituzue ikusgai. Jende asko etortzen da horiek ikustera. Garajean ditugun trofeoez gain, jasota ditugu argazki pila bat, 1994an Helsinkin lortu zuen zilarrezko domina... Eta baita Alberto Juzgadok oparitu zigun taldeka lortutako urrezko domina ere. Izugarrizko ezustea eman zigun; izan ere, etxera etorri zen amari domina hori ematera. Bere amak hala esaten omen zion: "Alberto, lortu duzun domina bakarra da, inoiz gehiago ez duzu urrezkorik irabaziko, eta eman egin behar al diezu?". Hark, ordea, Diegoren amak eduki zezan nahi zuela esan zion. Halako detaile asko izan dituzte gurekin. Zergatik maite dute hainbeste Diego? Gure anaia oso herrikoa zen, ez zen batere handikia. Lagunak, familia... ziren harentzat garrantzitsuak. Oso irekia, alaia eta berritsua zen. Ez dut haren oroitzapen tristerik; erortzen bazen ere, minuturako tinko egoten zen. Bestalde, asko gustatzen zitzaion bertsoak kantatzea, nahiz eta gaizki aritzen zen. Andoni EgaƱak hala esan zion gure amari behin: "Zure semea oso ona zen korrika egiten, baina bertsotan...". Gaizki jarduten bazuen ere, ez zen lotsatzen, eta kantuan segitzen zuen. Badut nolakoa zen azaltzen duen pasadizo bat. Atzerrira joan ziren batean, bilera egin zuten lasterkariek. Afrikako atleta batek esan zuen jateko ere zuela dirurik, eta hori azaltzen ari zela Diego bileratik atera zen. Lasterkari hark gerora azaldu zigun, Diegok hori egin zuen unean ezer ez zitzaiola axola pentsatu bazuen ere, bilera bukatzean elikagaiz betetako hiru poltsa eta diruz betetako gutunazal bat eman zizkiola. Zur eta lur geratu zela esan zigun. Bestalde, hainbat herritarri eta elkarteri ere laguntzen zien.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide