'Idiot Txou' antzezlana eskainiko dute ostiralean, Soreasu antzokian

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 29a

22:00etan hasiko da obra, eta Asier Hormaza, Dorleta Urretabizkaia eta Josean Bengoetxea aktoreak izango dira oholtzan, eguneroko gaiak umorearekin lantzen.

'Idiot Txou' antzezlaneko irudia. (Argazkia: Ados teatroa) Ostiralean Idiot Txou antzezlana eskainiko dute Asier Hormaza, Dorleta Urretabizkaia eta Josean Bengoetxea aktoreak, eta kazetari rola hartuko dute. Gaurkotasuna landuko dute, umorea erabiliz. Hala, gaur egungo kazetaritzaren errepasoa egingo dute, eta pertsonaien arazo eta gatazkak azalaratuko dituzte obran zehar. Zuzeneko irratsaio bat egingo dute antzokitik zuzenean, eta bi esatariren eta teknikari baten rola hartuko dute. Irratsaiora apenas deitzen dute entzuleek, eta audientzia arazo larriak ditu saioak. Protagonistek entretenimendurako tartea lortu nahi dute, audientzia izan eta kaleratzea saihestuko diena. Entzuleek deituko ez dutenez, aukera bakarra geratuko zaie: antzokiko ikusleekin hartu-emana izan eta entzule faltsuen rolak hartuta deiak jasotzen ari diren itxurak egitea. Herriko hainbat eragilek 20. korrikaren bueltan prestatu duten Korrika kulturalaren barruan antolatu dute antzezlana. Soreasu antzokian eskainiko dute obra, 22:00etan hasita. Sarrerak eskuragarri daude kulturaz.eus webgunean, 10 eurotan. Egunean bertan Soreasuko leihatilan eskuratu ahal izango dira, 12 euro ordainduta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide