Inaxio Uria hiltzea leporatuta gaur epaitu dituzten bi lagunek uko egin diote deklaratzeari

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 28a, 15:17

Gaur ziren Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzekoak. Fiskalak 60 urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du bakoitzarentzat.

2008an Inaxio Uria enpresari azpeitiarra hiltzea leporatuta, Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxea auzipetuak epaitzekoak ziren Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina bi akusatuek uko egin diote deklaratzeari. Fiskalak 59 urteko espetxe zigorra eskatu du bakoitzarentzat. Besteak beste, hilketa, talde terroristako kide izatea eta bahiketa egozten dizkie akusatuei. Fiskalak atzoko auzi saioan esan zuen Aginagalde eta Larretxea joan zirela Uria hiltzera Loiolara, lapurtutako auto batean. Ertzain batek deklaratu zuenez, Arrasaten Isaias Carrasco PSE-EEko kidea hil zuen pertsona berak, Aginagaldek, hil zuen Uria tiroz. Fiskalaren arabera, ETAko Ezuste komandoko Asti taldeko kide ziren Aginagalde eta Larretxea. Kartzela zigorraz gain, Uriaren alargunarentzat 160.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du fiskalak, eta seme-alabentzat 240.000 eurokoa. Epaiketaren atzoko saioan lekuko babestu batek ere deklaratu zuen. Hark azaldu zuen gidatzen ari zela abenduaren 3 hartan, eta semaforo batean gelditu zenean hiru tiro hots entzun zituela. "Atzera begiratu nuen, eta gezurrezko bizarra eta eskuan pistola bat zeramatzan pertsona bat ikusi nuen. Arma gorde, eta Alfa Romeo auto baten aurrekaldean sartu zen". Inaxio Uriaren hilketagatik sei lagun daude auzipetuta; horietako bi, Manex Castro eta Iraitz Santa Kruz, 2013an epaitu zituzten. Hilketan laguntzeagatik, 44 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Castrori. Santa Kruz, berriz, absolbitu egin zuten.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide