Mailari eutsi diote Añares ISB taldeko neskek

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 28a

Añares ISBko neskek Emakumeen Liga 2n jokatuko dute datorren urtean ere. Denboraldia bukatzeko bi partida falta zaizkienean lortu dute mailari eustea. Gizonen lehen taldea Zilarrezko LEB Mailako sailkapenaren lehen postuan da, denboraldia bukatzeko lau partidaren faltan.

Iraurgi Saskibaloiko Emakumeen lehen taldeak, Añares ISBk, mailari eustea lortu du asteburuan Pontevedran (Galizia). Arxil taldearen kontrako neurketa 68 eta 62 galdu zuen Xabi Chicok zuzentzen duen taldeak, baina, halere, Emakumeen Liga 2an jarraituko dute beste denboraldi batez. Izan ere, Universidad Oviedok eta ABDAk ez dute partidak irabazterik lortu asteburuan, eta horrek abantaila eman die neskei. Zortzi jokalarirekin iritsi zen Añares ISB Galiziara, eta talde murritza izanagatik, lehiatzeko gai izan zen. Partidak aurrera egin ahala, baina, nekea nabaritzen hasi ziren, eta lehian segitu bazuten ere, ezin izan zuten garaipenarekin itzuli etxera. Añares ISB taldeari bi partida falta zaizkio denboraldia bukatzeko, eta dagoeneko lortu du mailari eustea. Horrenbestez, datorren urtean ere Emakumeen Liga 2n ariko dira Azkoitiko eta Azpeitiko neskak. Denboraldia hasi zenetik, 24 partida jokatu dituzte neskek, eta horietatik bederatzi irabazi dituzte. Datorren astean Lima-Horta Barcelonaren aurka neurtuko dituzte indarrak Azkoitiko kiroldegian, eta Valladoliden agurtuko dute denboraldia hemendik bi asteburutara. Gizonen lehen taldea, lider Denboraldia bukatzeko lau partida besterik ez zaizkio geratzen Sammic ISBri. Denboraldi oso ona egiten ari dira Iker Buenoren mutilak, eta azken txanpa honetan Zilarrezko LEB Mailako sailkapenaren lehen postuan dira, hogei partida irabazita. Iraurgiko gizonen lehen taldeak igandean etxean jokatu zuen ligako neurketa Comercial Ulsa CBC Valladolid taldearen kontra, eta Azpeitiko taldeak 88 eta 84 irabazi zuen. Jarraian irabazten zuen seigarren partida izan zen herenegungoa. Partida bikain hasi zuten Buenoren mutilek; izan ere, lehen laurdenean 15 punturen aldea lortu zuten. Bigarren eta hirugarren laurdenak ere bide beretik joan ziren, eta hirugarren zatiaren bukaeran, 77 eta 61 ziren aurretik ISBkoak. Lehia aise irabaziko zutela uste bazuten ere, azken laurdenean oso estu jarri zuen norgehiagoka Valladolidek. Hala eta guztiz, 88 eta 84 irabaztea lortu zuen ISBk. Garaipen horri esker, sailkapeneko lehen postuan segitzen du Sammic ISB taldeak. Garaipen bat gutxiagorekin, sailkapeneko bigarren postuan da Cambados Cidade Europea do Viñ taldea. Eta hirugarren postuan da HLA Lucentum, hamazortzi neurketa irabazita. Lau partida falta dira denboraldia bukatzeko, eta datozen hiru neurketak etxetik kanpo jokatuko ditu Sammic ISBk. Datorren asteburuan, esaterako, Torrons Vicens Hospitalet A taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak ISBko mutilek. Zapatuan izango da partida, 20:30ean hasita. Jaitsierako postuetatik oso gertu dago Kataluniako taldea, eta partida gogorra izango dela aurreikusten dute ISBko ordezkariek. Hurrengo neurketak, berriz, Granadaren eta Avilaren aurka jokatuko dituzte Buenoren mutilek, eta apirilaren 22ko asteburuan bukatuko dute denboraldia. Etxean jokatuko dute azken neurketa, Seguros Soliss Alcazar Basket taldearen kontra. Sammic ISBk sailkapeneko lehen postuari eustea lortzen badu, zuzenean igoko da Urrezko LEB Mailara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide