Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna eta Eskolarteko finala izango dira igandean Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 27a

11:00etan, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finala jokatuko dute Soreasu antzokian. Arratsaldean, hainbat tailer eta jolas izango dira plazan.

Bertsolari gazteen topaleku izango da Azpeitia datorren igandean. Izan ere, Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna eta Eskolarteko bertso finala izango dira apirilaren 1ean, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak hala erabakita. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta lehen-lehenik, 11:00etan, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finala jokatuko dute Soreasu antzokian. Hainbat kanporaketa jokatu ostean, honako bertsolari hauek iritsi dira finalera: Urko Arregi, Libe Goenaga, Oihana Arana, Jokin Irastorza, Andoni Mujika, Ane Beloki, Iker Ormazabal eta Itziar Mendia. Saio horretako txapeldunak eta txapeldunordeak ekainaren 10ean Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalerako txartela eskuratuko dute. Gainera zapatuan, finala bukatzean banatuko dituzte idatzizko txapelketako sariak ere. Bazkalostean, Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunerako prestatutako egitasmoei helduko diete, eta sormena izango da protagonista nagusia. Plazan hainbat gune jarriko dituzte sormena jolas bidez lantzeko. Besteak beste, antzerkian aritzeko, bertso musikatuak abesteko eta eskulanak egiteko parada izango dute Azpeitira bertaratzen diren gaztetxoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide