Joan den asteazkenean bete ziren 33 urte Pasaiako segada gertatu zenetik. 1984ko martxoaren 22an Komando Autonomo Antikapitalistetako kide ziren Dionisio Aizpuru
Kurro eta Pedro Mari Isart
Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas
Txapas eta Jose Maria Isidro Izura
Pelu iruindarrak hil zituen Espainiako Poliziak.
Urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu zituzten segadan hildakoen senideek eta lagunek aurtengorako ere. Gaur, larunbata, segada argitzea eta hilketen auzia artxiba ez dezaten eskatzeko elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek 18:30ean hasita, Iruñeako udaletxearen aurrean. Bestalde, joan den asteazkenean
lore eskaintza egin zuten hainbat lagunek Azpeitian, segadan hildakoen oroitarriaren aurrean. Horrez gain,
segadaren inguruko argazkien eta agirien erakusketa ikusgai dago Sanagustin kulturgunean, astelehena bitartean.
Azpeitiko Udalak Pasaiako segadaren
auzia artxibatzearen aurkako babes helegitea aurkeztu zuen urtarrilaren 3an Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Pasaiako segadaren auzian herri akusazioaren abokatua den Miguel Castellsek azaldu zuenez, ikusteko dago auzitegiak helegitea tramitera onartzen duen edo ez, "babes helegiteen %80 ez dituzte-eta onartzen".