Alberto Belokik irabazi du Sokamuturra argazki lehiaketa

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 25a

Bigarren saria Iñaki Etxenagusiak jaso du, hirugarrena Carlos de Cosek, laugarrena Juan Mari Ibarzabalek eta bosgarrena Javier Ruiz de Larrinagak. Karnabal giroa islatzen duen argazkiari dagokion Iñaki Juaristi 'Altzarte' saria ere Alberto Belokik jasoko du.

Alberto Belokik irabazi du Imanol Elias Sokamuturra argazki lehiaketaren aurtengo edizioa. Jabier Beristainek, Mikel Zengotitak eta Mikel Arrietak osatutako epaimahaiak gaur jakinarazi du erabakia, lehiaketaren XXXVIII. edizioan parte hartu duten 20 argazkilarien lanak ikusi ostean. Haien ustez, Belokiren Pa hiretzat izeneko argazkia izan da jaso dituzten guztietan onena, eta, horrenbestez, 365 euro eta garaikurra jasoko ditu argazkilari azpeitiarrak. Bigarren saria, berriz, Iñaki Etxenagusiarentzat izan da, Plazarako sarrera argazkiari esker. Hark 235 euro eta garaikurra eskuratuko ditu. Hirugarren saritua Carlos de Cos izan da Saltoka argazkiagatik, eta 200 euro eta garaikurra jasoko ditu. Laugarren saria Juan Mari Ibarzabalek eskuratu du, Ezetz harrapatu argazkia tarteko, eta 12o euroko diru saria eskuratuko du. Bosgarren sarituak, Javier Ruiz de Larrinagak, 80 euroko diru saria jasoko du Hankaz gora irudiari esker. Bost sari horiez gain, karnabal jai giroa islatzen duen Iñaki Joaristi Altzarte saria banatzen du Azpeitiko Argazki Elkarteak, eta hori ere Belokik jasoko du Hau da anbientie argazkiari esker. Horrenbestez, 150 euro eta garaikurra eskuratuko ditu. Lehiaketara aurkeztutako argazki guztiekin erakusketa jarriko du elkarteak Foru Ibilbidean udalak egokitu duen aretoan. Datorren zapatuan irekiko dute erakusketa, eta orduan egingo dute sari banaketa ere. 13:00etarako jarri dute sari banaketa ekitaldirako hitzoruda. Azpeitiko Argazki Elkarteak ez ditu argitaratu saritutako irudiak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide