Alex Txikonek erronka bota dio Mikel Larrañagari

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 23a

19:00etan Mendizabal erretegian eztabaidatuko dituzte apustuan egin beharreko lanak. Baldin eta adostasunera iristen diren, apustua Azpeitiko zezen plazan jokatuko dute.

Alex Txikon mendigoizaleak desafioa bota dio Mikel Larrañaga aizkolariari, eta azpeitiarrak onartu egin du apustuaz negoziatzea. Xehetasunak adosteko datorren asteazkenerako jarri dute hitzordua: 19:00etan Mendizabal erretegian eztabaidatuko dituzte apustuan egin beharreko lanak. Baldin eta adostasunera iristen diren, apustua Azpeitiko zezen plazan jokatuko dute. Txikonek ekainaren 24a proposatu du apustua egiteko, eta haren erronkaren arabera, 7.000 euro izango dira jokoan. Txikonek aizkoran, harrijasotzen eta korrikan aritzeko proposamena egin dio azpeitiarrari, baina Larrañagak Urola Kostako Hitzari azaldu dionez, egin beharreko lanak asteazkenean zehaztuko dituzte. Txikonek mendian ibiltzeaz gain, aizkorarako zaletasuna du. Larrañagarekin apustua egiten badu, ez du aurreneko erronka izango; izan ere, 2009an beste bi apustu jokatu zituen lemoarrak Azpeitiko zezen plazan, Jose Felix Zubizarretaren eta Joseba Otaegiren kontra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide