Uhinak, Gasteiztik nazioartera

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko mar. 23a, 10:05

Hala Bedi irratian ‘What the basque’ ingelesezko irratsaioa egiten hasi da lagun talde bat. Horietako bat da Ana Larrañaga azpeitiarra. Gizarte eta politika gaiak lantzen dituzte.

Ana Larrañaga Hala Berdi irratiko 'What the basque' saioan aritzen da. Larunbatean egingo dute What the basque irratsaioaren bigarren atala, 11:00etan, Gasteizko Hala Bedi irrati librean. Joan den hilean estreinatu zuten, eta saioaren ekoizpenaz arduratzen den lantaldeko kidea da Ana Larrañaga (Azpeitia, 1992). Izenburuari erreparatu besterik ez dago, baina badu berezitasun bat irratsaioak: ingelesez egiten dute. Larrañagak dioenez, Euskal Herriko gizarte eta politika gaiak ezagutarazi nahi dituzte nazioartean, eta horregatik ekoizten dute saioa hizkuntza horretan. "Euskal Herriko gertakariak bazter guztietara zabaldu nahi ditugu". Sei lagunek osatzen dute What the basque irratsaioaren lantaldea. Horietatik lau euskaldunak dira, eta beste bik ingelesa dute ama hizkuntza, australiarra baita bata eta AEBtakoa bestea. Hasi dira dagoeneko irratsaioa mundu zabalera hedatzeko saiakeran; izan ere, Australiako Melbourne hiriko 3CR irrati librean ematen dute What the basque. "Lantaldeko Tristan Epsteinek harremana du irrati horretako kideekin, eta saioari tartea egitea erabaki dute". Hiru atal ditu gai soziopolitikoei ahotsa ematea xede duen saioak. Rub the skin (azala urratu) da lehen atala, eta gizarte mugimendu desberdinetako kideak elkarrizketatuko dituzte hilero. Lehengo hilean, esaterako, Hala Bedi irratia izan zuten hizpide. Bigarren atalean, Hala Bedi Methoden, kanpotarrei bitxi egin dakizkiekeen esapideez aritzen dira. Ordubete inguruko saioaren hirugarren atala Nor nori news da, eta hilabetean Euskal Herrian jazotako gertaeren inguruko albisteak plazaratzen dituzte. Larrañagak dioenez, gehien kostatzen zaiena da elkarrizketak ingelesez egingo dituzten pertsonak aurkitzea, baina, momentuz, lortu dituzte protagonistak. "Txandakatuz" egiten dituzte lanak. "Batek elkarrizketa egiten badu, besteak bigarren atala, eta besteak hirugarrena... Horrela banatzen ditugu lanak, denok  hitz egin dezagun", azaldu du. Saioa martxan da dagoeneko, baina ez dakite zer erantzun izan duen entzuleen datuei dagokienez. "Saioa berria da, eta, gainera, ingelesez. Jendea animatu nahi dugu saltsan parte hartzera, eta ingelesari aurre egitera. Ez dakigu zenbat lagunek entzun duten aurreneko saioa, baina, beno, pixkanaka joan beharko dugu. Hori bai, gure inguruan entzun dute, hala esan digute". Halere, uhinen bidez zabaltzeaz gain, podcastak egiten hasteko asmoa ere agertu du Larrañagak. "Zabaltzea nahi dugu, eta sare sozialak izan daitezke horretarako aukera bat". Gasteizen bizi da Larrañaga, han egin zituen Ingeles Ikasketak, eta Hala Bedin hasterako ere, entzuten zuen irrati hori etxean. "Hausnarketa interesgarriak egiten dituzte, eta ahotsik ez dutenei ahotsa ematen diete".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide