Pasaiako segadaren 33.urteurrenean hildakoak gogoan izan dituzte

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 22a

Gaur 33 urte bete dira Pasaiako segada gertatu zenetik. Hain zuzen ere, 1984an, Komando Autonomo Antikapitalistetako kide ziren Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituzten Espainiako poliziek. Urteurrenaren harira, lore eskaintza egin dute 18:30ak aldera, Azpeitiko oroitarriaren aurrean. Kurroren amak eta Pelitxoren arrebak oroitarriaren plaka zaharra kendu eta berria jarri dute, zaharra dagoeneko apurtuta baitzegoen. Xanet Esnaolak azaldu duenez, azken urteak "gogorrak" eta "krudelak" izan dira. "Inpotentzia" ere maiz izan dutela azaldu du, "ate guztiak itxita" topatu baitituzte: "Iaz, otsailean, Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak kasua artxibatzea erabaki zuen; ondoren, helegitea jarri zen, baina azaroan helegitea atzera bota zuten. Orain, Espainian gelditzen den azken bidea auzitegi konstituzionala da, eta horrekin esperantza gutxi ditugu, ia batere ez". Hala ere, saiakera egingo dutela eta ate hori ixten zaienean Azpeitiko Udalarekin batera europar auzitegira joango direla adierazi du. Hori horrela, udalaren konpromisoa eskertu du. Maila judizialaz gain, erakunde publikoetatik ere antzeko erantzuna jaso dutela azaldu du: "33 urte pasatu ondoren, Eusko Jaurlaritzarekin bilera bat lortzeko zortzi hilabete itxaron behar izan ditugu. Lotsagarria da egia eta justizia hitzetik hortzera erabiltzean horrelako mespretxua jasotzea". Esnaolaren arabera, kasua argitzeko ezer gutxi egin da erakunde publikoetan, eta "nahigabea" sortzen die horrek. Hala ere, herritik jasotako babesa azpimarratu du; izan ere, azken ekitaldiak "gero eta jendetsuagoak" izan dira. Senideek eskerrak eman nahi izan dizkiete herritarrei, "hainbeste urtean borrokan jarraitzeagatik"; izan ere, beste babesik ez dutela eta, jendearena hurbiltasuna sentitzen dutela azaldu du. Iruñeko kontzentrazioa, larunbat honetan Azken urteetako errepasoa egin ostean, indarra Iruñera begira jarri dute. Kasua Euskal Herrira zabaldu nahi dutela azaldu du Esnaolak: "Iaz Azpeitian egin zen ekitaldian aurreneko aldiz lau erahildakoen senideak bildu ziren, eta elkarlanaren abiapuntua izan zen". Hori horrela, lehenengo aldiz  Iruñean kontzentrazioa egingo dute larunbatean, 18:30ean. Urte luzeetan deialdi publikorik egiterik ez dute izan eta horren ondorioz, "gaiaren ezagutza falta dago gizartean", Esnaolaren arabera. Hara joan nahi dutenek Orkatz kultur elkartean eman dezakete autobuserako izena. Dokumentala, udazken alderako Oinatzak Produkzioak Pasaiako segadararen inguruko dokumentala egiten ari da. Izan ere, "gizarteratzeko lan horretan ale bat jarri" nahi dutela azaldu du Erik Aznal Oinatzak Produkzioakeko kideak. Azaldu duenez, urtarriletik edizio fasean daude; elkarrizketak egitea amaitu dute, eta dokumentala udazkenerako ikusgai egongo dela aurreikusten dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide