Iñigo Arregi Lagun Onakeko presidente berria. (Julene Frantzesena)
Futbol klubeko ateizana izandakoa da Iñigo Arregi (Azpeitia, 1967)
Lagun Onaken presidente berria. Kargua hartu berritan, zuzendaritza batzordearen xedea aurrekoen lanari segida ematea dela azaldu du. Iturbidetarra izanik, bihar hasiko diren Loiolako festen azken xehetasunak lotzeko lanetan murgilduta hartu du hitzak.
Aurreko taldeak 2015ean egin zuen zuzendaritza eskuz aldatzeko lehen saiakera. Bi urtera iritsi da aldaketa.
Zuzendaritza utzi nahi zuten, baina ez zuten erreleboa hartuko zuen jenderik bilatzen. Horregatik erabaki zuten beste urtebetez jarraitzea. Urriko bazkideen batzarraren ostean beste saiakera bat egin zuten, jendeari galdetuz-eta. Taldetxo bat elkartu ginen, eta horrela etorri da erreleboa. Ikusten zen zuzendaritza pixka bat nekatuta zegoela jada, eta laguntze aldera hartu dugu kargua.
Lehengoarekin alderatuta, zuzendaritza talde txikia osatu duzue. Taldea handitzerik aurreikusten al duzue?
Sei lagunek osatzen dugu batzordea, eta pertsona bat kontratatu dugu klubean lan egin dezan. Lan pila bat sortzen da, eta ikusten genuen Lagun Onak gisako talde batek, boluntarioez gain, behar zuela langile bat; izan ere, egunero hainbat lan dago egiteko. Jende askok esan digu laguntzeko prest dagoela, baina konpromisorik ez duela nahi hartu. Eta normala ere bada, ordu asko eskatzen baitu. Halere, beste pare bat lagun batzea nahi dugu. Emakumeak ere falta dira zuzendaritza taldean, eta nahi duguna da horiek animatzea. Zaila dago, baina aurreko zuzendaritzan baziren emakumeak, eta orain ere egon behar dutela uste dugu. Momentuz, ez dugu lortu, baina taldea irekita dago.
Ekonomikoki eta kirol jardunari dagokionez, osasuntsu dago taldea. Aldea izango da klubaren zuzendaritza egoera horretan hartzea, ezta?
Kirol mailan, talde gehienak ondo dabiltza, maila onean daude. Ekonomiari dagokionez ere, egoera osasuntsuan dago kluba. Aurreko zuzendaritzak oso egoera txarrean hartu zuen futbol taldea, eta buelta ematea lortu du. Guk egoera onean hartu dugu kargua, eta horrela errazagoa da lanean jarraitzea. Aurreko zuzendaritzak lan asko egin behar izan du lehengo egoerari buelta emateko.
Zer helburu eta erronka jarri dizkiozue zeuen buruei?
Gure helburu nagusia da aurrekoek egindako lanarekin jarraitzea. Lanak eginda utzi dituzte, lan asko egin dute, eta guk horrela jarraitu nahi dugu. Ez gara haien alternatiba; jendea aldatu da, baina gure asmoa da jarraipena ematea aurrekoek egindako lanari. Egon gara, egoten gara eta egon beharko dugu lehengo zuzendaritzako kideekin, haiek kudeatu baitute kluba azken bost urteotan. Eta esan digute laguntzeko prest daudela, eta beharko dugu haien laguntza. Helburu bertsuak ditugu, baina lantaldea aldatuta, beharbada, lan egiteko modua aldatuko da. Helbururik garrantzitsuena da ahalik eta azpeitiar gehienek jokatzea Lagun Onaken. Aurtengoari dagokionez, berriz, denboraldia aurreratuta dago, eta une honetan garrantzitsuena da gizonezkoen lehen taldeak mailari eustea. Eta, bestalde, Ikasberri futbol taldearekin harremanak sendotzea nahi dugu. Ez luke Lagun Onaken aurkaria izan behar Ikasberrik, bi klubek ez lukete konpetentzia izan behar, elkarlanerako proiektuak baizik.
Zuzendaritza taldean banatu dituzuen arduren artean dago emakumeen futbolaren zuzendari postua. Ahalegin berezia egingo duzue emakumeen futbola indartzeko?
Kirol arloko helburuetako bat hori da, hain zuzen. Emakumeen taldeen artean katea sortu nahi dugu, futbol eskolan hasten diren haur horiek futbolean jarraitzeko aukera izan dezaten klubean bertan. Gizonezkoetan Hirugarren Mailako taldea dagoen bezala, emakumeen talde nagusia izatea lortu nahi dugu. Gaur egun, adibidez, emakume jubenilen taldea Lurralde Mailan ari da jokatzen. Halere, mutilak baino neska gutxiago ibiltzen da oraindik futbolean, eta konplikatua da taldeak mantentzea eta segida ematea. Ederra litzateke mailaz maila emakumeen taldeak izatea. Hori da xedea.
Urteak dira futbola utzi zenuela. Orduz geroztik, zer harreman izan duzu klubarekin?
Aroak izan ditut. Futbola uztean, beste gauza batzuk nituen buruan, eta, egia esan, urte batzuk pasatu nituen futbola alde batera utzita. Baina futbola asko gustatzen zait, eta... Joaten naiz partidak ikustera eta infantil mutilak entrenatzen ditut. Laguntzen hasi nintzen, eta hor jarraitzen dut. Izan ditudan lan arazoei aurre egiteko arnasa izan da umeak entrenatzen aritzea; une batzuetan burua argitzen lagundu dit.
Lehendakari izendatu berritan, zer esan dizute ingurukoek?
Jendeak zoriondu eta animoak eman dizkit. Klubak behar du jarraipen bat, eta jendeak horrela hartu du aldaketa. Lagun Onak erreferentea da herrian eta Gipuzkoa osoan: Hirugarren Mailan taldea du, belarrezko zelaia du, 17 talde ditu, ondo muntatutako egitura dauka... Eta emaitzak ere hor daude. Ikusi besterik ez dago Lagun Onakeko zenbat jokalari aritzen den Realarekin entrenatzen-eta.