Apirilaren 22an jokatzea aurreikusita bazuten ere, apirilaren 29an izango da aurtengo Izarraizko mendi lasterketa. Guztira, 20,77 kilometro izango ditu ibilbideak eta 2.640 metroko desnibela, eta Xoxote (905 metro), Kakute (924 metro) eta Erlo (1026 metro) igoko dituzte parte-hartzaileek.
Otsailaren 10ean ireki zuten izen-ematea eta apirilaren 26ra arte egongo da irekita,
www.kirolprobak.com webgunean.
Antolakuntzaren ardura Lagun Onak Mendi Bazkunaren eta Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunaren artean txandakatzen da, eta aurtengo lasterketaren antolakuntza Anaitasunari egokitzen zaio. Jakinarazi dutenez, "Anaitasuna Mendi Bazkuna ez da erantzule egingo lasterketan sor daitezkeen arazoen aurrean" eta "norberak bere gain hartu beharko du lasterketan gerta daitekeen egoera oro". Hori horrela, lasterketako parte hartzaileei federatuta egotea gomendatzen die.