Pasaiako sarraskiaren 33. urteurreneko ekitaldiak antolatu dituzte

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 12a

Martxoaren 22an lore eskaintza egingo dute Azpeitiko monolitoaren aurrean, eta martxoaren 25ean, kontzentrazioa izango da Iruñean.

Martxoaren 22an, 33 urte beteko dira Pasaiako sarraskia gertatu zenetik. Egun hartan, Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak Pasaiako badian: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. 2016ko otsailean Pasaiako segadaren auzia artxibatu egin zuen Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak, “deliturik ez zuelako frogatu”. Familiek eta Azpeitiko Udalak helegite bana aurkeztu zuten, auzia ez artxibatzea eskatzeko. Baina Donostiako 2. Instrukzioko epaitegiak atzera bota zuen Pasaiako segadaren kasua artxibatzearen kontra defentsak aurkeztutako helegitea. Oraindik argitzeko dago kasua, eta hildakoen familiek behin eta berriro adierazi dute egia jakiteko eskubidea dutela. Horren harira, Pasaiako sarraskia argitu lelopean, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Martxoaren 22an, lore eskaintza egingo dute Azpeitiko monolitoaren aurrean, 18:30ean. Martxoaren 25ean, berriz, kontzentrazioa izango da Iruñeko udaletxe plazan, 18:30ean. Autobuserako izena Azpeitiko Orkatz tabernan eman daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide