Ormola enpresa Azpeitira lekualdatu da

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 10a

Urtarrilaz geroztik, Basarte industrialdean du egoitza enpresak. Lantegiko arduradunek adierazi dutenez, eraikin berria etorkizuneko erronkei erantzuteko "egokiagoa" da.

Azpeitiko Udaleko ordezkariak eta Borja Sudupe Ormolako gerentea, enpresaren egoitza berrian. (Ihintza Elustondo) 50 urte Azkoitian egin ostean, Azpeitira lekualdatu da Ormola enpresa. Urtarrilaz geroztik, Basarte industrialdean du egoitza, eta, gaur eguerdian, Azpeitiko Udaleko hainbat kidek bisitatu dute gunea. Injekzio bidezko moldeak egiten dituzte bertan, batez ere, argiteriarako eta autoen sektorerako. Azpeitiko zein Azkoitiko langileak ditu enpresak –guztira, 40 lagun inguru–, eta hogei bat bazkidek dute haren jabetza. Enpresako arduradunek adierazi dutenez, egoitza berria etorkizuneko erronkei erantzuteko "egokiagoa" da. Lehengo pabiloiak 1.000 metro koadro inguru zituen, eta, oraingoak, 4.000 metro koadro inguru. Gorka Sudupe enpresako gerenteak adierazi duenez, lehengo eraikinean ez ziren kabitzen, eta iazko urtean hainbat lan baztertu egin behar izan zituzten. Hain zuzen, horregatik erabaki dute lekuz aldatzea: "Produkzio ahalmena handitu nahi genuen, eta, horrekin batera, beste irudi bat eman ere bai". Eraikina aldatzeaz gain, beste hainbat aldaketa egin dituzte dagoeneko. Makina berriak ekarri dituzte lantegira, eta bost langile berri kontratatu dituzte. Aurrera begira, langile gehiago kontratatzeko asmoa dute, eta "garapenarekin" jarraitu nahi dute. Urteko produzkioa %10 igotzea aurreikusten dute. Egoitza lekuz aldatzerakoan, Azpeitiko Udalak sustapen planaren bidez eskainitako laguntzak "ezinbestekoak eta erabakiorrak" izan direla azpimarratu dute enpresako arduradunek. Era berean, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak herrian enpresa berri bat hartzea "pozgarria" dela adierazi du: "Ohitu egin gara enpresak desagertzera, ixtera, alde egitera. Baina, urte askoren ostean, industria arloko enpresak gure herrira datozela ikustea pozik egotekoa da. Gure sekretua horixe baita: industria. Industria da gure herriaren motorra, eta hori horrela izan dadin, buru-belarri ari gara lanean. Ormola teknologia handiko enpresa da, izaera sozialekoa, eta enplegua sortzeko inportantea izango da gure herrian".      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide