Gipuzkoako Jubilatuen Topaketan 300 lagun elkartuko dira, Azpeitian

Ane Olaizola 2017ko mar. 10a, 12:20

Martxoaren 25ean izango da ekimena, eta egun osoko ekintzak izango dituzte. Parte hartzeko hilaren 15a baino lehen eman behar da izena.

Baigerako, Azpeitiko Udaleko, Loadinn elkarteko eta turismo bulegoko ordezkariak, gaur, aurkezpenean. (Ane Olaizola) Azpeitiko Udalak, Baigera Azpeitiko Pentsiodunen eta Jubilatuen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko Loadinn ikasle elkarteak Flashback Gipuzkoako Jubilatuen Topaketa antolatu dute martxoaren 25erako. Azpeitian izango dute zita Gipuzkoako jubilatuek, eta jakinarazi dutenez, 300 lagun inguru elkartuko dira. Elkarlanean antolatu dute ekimena, eta egun osorako ekintzak prestatu dituzte. Bisita gidatuak egingo dituzte goizean, eta txandaka, herrigunean eta Loiolan izango dira. Batzuk lehenengo herriguneko ondarea ezagutuko dute, eta besteek Loiolako Basilika eta ingurua. Ondoren, kantu jira egingo dute herriko tabernetan. Bazkarirako Izarraitz pilotalekuan bilduko dira guztiak, eta parrilla gisako katering-a izango dute. Bazkalostea ere Izarraitzen bertan igaroko dute, eta besteak beste, bingo saioa, dantzaldia eta karaokea egingo dituzte. Ekimenean parte hartzeko hilaren 15era bitartean eman behar da izena, Baigera elkartean eta Azpeitiko Turismo Bulegoan. 33 euro ordainduko dute, baina azpeitiarrak direnek 26 eurotan izango dute bazkaria eta bisita gidatua. Bazkarira bakarrik joatea nahi duten azpeitiarrek, berriz, 23 euro ordainduko dute. Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, ekimen "interesgarria" da antolatu dutena, jubilatuak "pertsona aktiboak" direla eta aisialdia dutela erakusten duelako. Era berean, Azpeitian ospatzea "oso pozgarria" dela esan du, besteak beste herriko ondarea ezagutu eta ostalaritzan eta merkataritzan eragingo duelako. Loadin elkarteko kide Uxue Barrenetxearen hitzetan, batez ere irisgarritasun kontuagatik proposatu zuten Azpeitian ospatzea Gipuzkoako Jubilatuen Topaketa. Baigera elkarteko ordezkariek azaldu dute "egun ederra" izango dela martxoaren 25ekoa. Merezi izango duelakoan, parte hartzera animatu dituzte Gipuzkoako jubilatu guztiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide