Naroa Muñoz. (Ihintza Elustondo)
Kadete mailako Euskadiko eta Gipuzkoako altuera jauziko txapelduna da Naroa Muñoz (Azpeitia, 2002). "Pozik" dago lortutako dominekin.
Zenbat metro saltatzea lortu duzu?
1,52 metro. 1,55 saltatzen saiatu nintzen, eta hori saltatu izan banu, Espainiako txapelketara igaroko nintzen. Probatu nuen, baina ez nuen lortu. Pena pixka bat dut horregatik. Aurtengo helburu bat jarri nion nire buruari: 1,50 saltatzea. Eta hori lortu dut.
Nola entrenatzen zara?
Berez, altuera jauzia pistan entrenatzen da. Baina Azpeitian ez dago pistarik, eta hori desabantaila da, tartan lurrean hobeto saltatzen baita. Kiroldegiko areto batean egiten ditugu entrenamenduak, eta erabiltzen ditugun koltxonetek ez dituzte behar bezalako neurriak. Horregatik, atzeraka ezin izaten dut ondo saltatu. Imajinazio pixka batekin moldatzen gara. Txapelketetan ez zidaten sinesten horrela entrenatzen genuenik; bakarrak ginen.
Euskadiko lehena izan zara, eta pistan entrenatzen ez duen bakarra. Meritu bikoitza, hortaz.
Bai, beno. Entrenatzaileak hori esaten du.
Herrian pista bat jartzea eskatzen duzue.
Gertuen Elgoibarko pistak ditugu, eta ez zait hain zaila iruditzen herriko futbol zelairen baten bueltan pista bat jartzea. Jendeak esaten digu: "Loiolako paseoa baduzue korrika egiteko". Frontoietan ere jokatu daiteke futbolean, baina berdin-berdin egiten dira futbol zelaiak.
Ez da oso ohikoa Azpeitian altuera jauzia egitea. Zergatik aukeratu zenuen justu atletismoko modalitate hori?
Arraroa da, bai. Txikitatik ilusioa izan dut pertikan aritzeko. Pertikarekin Naroa Agirre bezala saltatzea da nire ametsa. Baina hemen pertika egiteko aukerarik ez dago, Donostiara joaten hasi beharko nuke horretarako. Altuera jauzia egiteko gutxi gorabehera moldatzen gara, eta horrela hasi nintzen, berez pertika gustatzen zitzaidalako. Oraindik, egunen batean pertika egiteko esperantza badut.
Ez al dizu beldurrik ematen?
Ez. Jendeari altuera jauziak ere ematen dio.
Beste inor badago herrian altuera jauziak egiten dituenik?
Orain gazteagoak hasi dira, baina gure adinean ez da inor egongo. Ni izango nintzen lehena.
Zer izan behar da kontuan ondo saltatzeko?
Salto bat gaizki ateraz gero, ez desanimatzea da garrantzitsuena. Lehenengoan ez baduzu saltatzen, beste bi aukera dituzu. Nik markarik onenak bigarren aukeran-eta egin ditut. Ez dapentsatu behar: "Zer altu dagoen". Pentsatu behar dena da: "Baxu dago, eta saltatuko dut".