Ruper Ordorika: "Bada zerbait diskoa egitean jarria eta asko betetzen nauena"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko mar. 9a, 09:40

'Guria ostatuan' disko berria aurkeztuko du Ordorikak zapatuan, Sanagustin kulturgunean, 22:30ean hasita. Haren ostean Azpeitiko eta Zarauzko Errime taldea izango da oholtzan.

Ruper Ordorika. (Goiena.eus) Diskoa grabatzera New Yorkera joan izanagatik, bere herrian aurkitu du lan horri zentzua ematen dion txokoa Ruper Ordorikak (Oñati, 1956). Egin du euririk 1980. urtean kaleratu zuen lehen disko hartatik, baina Guria ostatua lanak badu zerbait orduko Ruperretik. Zure sorterriko taberna batean kokatu duzu diskoa: Guria ostatuan. Titulua da erabaki nuen azken gauza. Kantuak egin nituen, baina ez nuen haririk aurkitzen. Guria taberna babeslekua zen guretzat, eta uste dut denok behar dugula horrelako leku bat. Diskoan baziren horretaz ari ziren kantu pare bat, eta pentsatu nuen izen horrekin biltzen nuela ideia. Gauza bitxia da pentsatzea Guria bezalako tabernak Euskal Herriko herri guztietan egon direla. Baina, oro har, denok behar dugu babesleku hori beste inon kontatzen ez ditugunak elkarri han esateko. Bakarkako hamalaugarren diskoa duzu. Erraz esaten da… Gauza xelebreena da behin ere ez dudala ikusi nire burua oso emankor. Beteraniak halako gauzak ekartzen ditu... Baina, bai, disko asko dira. Kantuan hasi nintzenean, ez nuen egundo pentsatuko horrenbeste disko egin behar nituenik. Ibilbidea hasi nuenean, guztiz ustekabeko gauza zen diskoak egitea, baina, gero, abiatu nintzen neure hariei tiraka, denok bezala gora-beherekin, eta... Ez dut inolako erabaki taktikorik edo estrategikorik jarraitu. Horrela etorri dira, ibiltzearen ondorioz. Lehen diskoa 1980an kaleratu zenuen. Zer geratzen da orduko Ruper hartatik? Gauza harrigarria da, baina Guria ostatuan eta sasoi hartako diskoak entzunda, itzelezko aldea nabari daiteke. Halere, uste dut hasieratik hor dirautela gauza bertsuek: hitzekiko zaletasuna, taldearekin lan egin nahia, ahotsa, esan eta adierazi beharra... Horiek batzuetan gordeago daude, eta, besteetan, ageriago. Formalki, ordea, ez dute zerikusirik diskoek, urte asko pasatu dira. Ikasbidea da hau niretzat, haratago noala sentitu behar dut. Elkarrizketa batean, Leonard Cohenen esana ekarri zenuen gogora: "Kanta onak non sor-tzen diren jakingo banu, maizago joango nintzateke toki horretara»". 160 abesti baino gehiago egin dituzun honetan, ez dakizu non dagoen toki hori? Ez dut uste metodorik dagoenik, eta puska handia zor zaio intuizioari. Ia topikoa bilakatu den hori horrela da: "Zenbat eta gehiago jakin, are gehiago ikasteko". Kantua den bezalako gauza sinplea eta xumea izanda, nola gerta daiteke hain ezkutuko edo aldrebes? Cohenek esan nahi zuena zen jarraibideen gidaliburu bat-edo balego, hura erabiliko genukeela. Baina ez dago halakorik. Eta hitzak sortzeko garaian, zer? Azken urteotan, gehienetan, musikatik abiatu naiz. Laburbilduz, honek ere ez du metodorik. Nahi nuke izan pertsona ordenatuagoa, baina ahal bezala ibiltzen naiz. Demagun doinu batek giro batera eramaten nauela, ba giro hori deszifratzeko hitzak bilatzen ditut. Eta batzuetan topatzen ditut, eta besteetan ez. Gutxitan egiten dut gai baten inguruan idatzi nahi dudala sentitu, eta hortik hasi. Azken diskoak badu berritasunik. Zer aipatuko zenuke? Ez da erraza azaltzea, prozedurak asko markatu duelako lana. Diskoa guztiz desberdina da hasieratik erabaki batzuk hartu nituelako: musikaren eta musika tresnen ingurukoak, non egin diskoa, norekin... Eta horrek asko markatzen du ondorioa. Disko hau kontrabaxuarekin egitea garrantzitsua izan da. Banekien hala izango zela, baina ez hainbesterainokoa izango zenik. Grabatzen ari nintzenean sentitu nuen bazela hor zerbait, ari zela zerbait gertatzen. New Yorken grabatu zenuen diskoa, hango musikariekin. Zerk eraman zaitu hara? Estudio horretan grabatzen dudan laugarren diskoa da, eta musikari horiekin egin dut hainbat lan. Harreman handia dut jende horrekin. Bizitzako kasualitateak dira, baina estudioa dagoen auzoan bizitakoa naiz duela 25 urte, eta ondo ezagutzen dut parajea. Maitatu ere, maitatzen dut. Oraingoan, aztertu nuen grabazioa hona ekartzea, baina ezinezkoa zen. Birako taldea, berriz, hemengoa da. Gustura al zaude diskoarekin? Ezin esan kontrakorik, nahiz eta denbora gutxi pasatu den, eta diskoek askotan urte batzuk pasatutakoan erakusten duten beren burua. Bada zerbait diskoa egitean jarria eta asko betetzen nauena. Iruditzen zait bere osotasunean biltzen dituela aurretik datozen ideia asko. Esperientzia ez hain goxoak ere bizi izan ditut estudioetan, niretzat oso mundu arrotza baitzen, baina, urteetan, ahal bezala ikasi dut geroz eta lasaiago egoten eta hobeto pasatzen. Eta hori ere ageri da nonbaiten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide