Errime taldea, Azpeitiko Gaztetxean. (Errime taldea)
Unai Martinezek, Patxi Gabilondok, Paul Beitiak, Felipe Murillok, Peru Iparragirrek eta Jon Gurrutxagak Ruper Ordorikarekin elkarbanatuko dute Sanagustin kulturguneko oholtza zapatuan, 22:30ean hasita, eta hori Errimerentzat "plazer bat" da. Ikasketak direla eta, ez dute entseatzeko tarte askorik izan, baina Azpeitian eskainiko duten aurreneko zuzenekoan "dena" emateko prest daude. Melodia gozoak eskainiko dituzte, letra errimez jantzitakoak.
Aurreneko aldiz igoko zarete Sanagustineko oholtzara Errime etiketarekin. Zer sentsazio dituzue?
Sentsazio onak ditugu, nahiz eta urduritasun eta tentsio puntua ere badugun. Izan ere, jende askok izango du gure lana ezagutzeko aukera, eta Azpeitia leku berezia da guretzat. Herrian joko dugu, gure jendearen aurrean. Orain arte bertsioetara mugatu izan gara, eta orain gure kantuekin aurreneko emanaldia emateak tentsio sortzen du. Hala ere, konfiantza dugu gugan.
Taldekide batzuk Euskal Herrian, beste batzuk Madrilen... Nola egin duzue entseatzeko?
Batzuk Madrilen gaude ikasketak direla eta, baina Euskal Herrira egin ditugun buelta batzuk baliatu ditugu entseatzeko. Itzuli garenetan ordu asko eman ditugu jarraian entseatzen. Gure kantuak, disko berrikoak, nahiko landuta ditugu, grabatzerakoan asko landu genituelako.
Errimeren diskoak bost abesti biltzen ditu. Horiek soilik izango al dira entzungai zapatuan?
Bost abesti berri kaleratu ditugu, bai, baina zapatuan entzuleek kantu gehiago ere entzun ahal izango dituzte. Pare bat bertsio, inoiz moldatu gabeko kantuak eta sorpresa gehiago.. Hobe gehiegi ez aurreratzea, etortzen direnek sorpresaz goza dezaten.
Elkarrizketa osoa
Uztarria.eus atarian irakurgai.