Izena eman daiteke Azpeitia-Hazparne ibilbideko hirugarren etapan

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 7a

Hilaren 18an egingo dute Donostia eta Hondarribia arteko txangoa. Jada eman daiteke irteerarako izena Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean edo mendizaleen tabernan.

Martxoaren 18an egingo dute Azpeitia eta Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoaren hirugarren etapa, Donostia eta Hondarribia artekoa hain zuzen. Dagoeneko eman daiteke txangoan parte hartzeko izena, www.lagunonakmb.org webgunean edo mendizaleen tabernan. Autobusa, txalupako bidaia eta hamaiketakoa 10 euro ordaindu beharko da. Egitasmoaren antolatzaileek azaldu dutenez, aurreko bi etapak baino "zertxobait gogorragoa" izango da martxoaren 18an egingo dutena. 08:00etan aterako da Donostiara eramango dituen autobusa anbulatorio aurretik, eta Zurriolan ekingo diote ibilaldiari. Ulia zeharkatu ostean, Pasaia San Pedrora iritsiko dira parte hartzaileak. Han txalupa hartuko dute, eta Pasaia Donibanera joango dira itsasoz. Ondoren, Jaizkibel mendia igoko dute, eta bidean egingo dute hamaiketakoa. G3-121 ibilbideari jarraituz, Guadalupera joango dira, eta han bazkalduko dute. Norberak eraman beharko du bazkaria. Bazkalostean, Hondarribiara abiatuko dira, eta han bukatuko dute hirugarren etapa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 17:00-17:30ak aldean iritsiko dira Azpeitira bueltan. Azpeitia eta Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoa Azpeitiko Udalak, Hazparneko bizilagunek eta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu dute, eta, guztira, sei etapatan lotuko dituzte bi herriak. Aurten dira 30 urte Azpeitia eta Hazparne senidetu zirela.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide