Atutxa II.ak eta Mugertza II.ak irabazi dute Eusko Label Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren finala

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 5a

Bost motatako 30 enbor ebakitzeko 29 minutu eta 24 segundo behar izan zituzte bi aizkolariek. Bigarren sailkatu dira Iker Vicente eta Ruben Saralegi, eta hirugarren izan dira Joseba Otaegi eta Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra. Gazteen Mailako Txapelketa, berriz, Eneko Otaño beizamarrak eta Ioritz Gisasola Zelai III.ak irabazi dute.

Atutxa II.a eta Mugertza II.a txapelarekin. (Julene Frantzesena) Aitzol Atutxa Atutxa II.ak eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.ak irabazi dute Eusko Label Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren finala. Bost motatako 30 enbor ebakitzeko 29 minutu eta 24 segundo behar izan zituzte bi aizkolariek, eta apustu makinek ez dute hutsik egin; izan ere, bikote hori jotzen zuten faboritotzat. Bigarren sailkatu dira Iker Vicente eta Ruben Saralegi, lanak 30 minutu eta 22 segundotan bukatuta. Eta hirugarren izan dira Joseba Otaegi eta Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra, 30:39 denbora eginda. Lehen lanetan Saralegi eta Vicente izan dira azkarrenak, baina laster hartu diete aurre Atutxa II.ak eta Mugertza II.ak. Azken lanetan hiru bikoteak nahikoa pareko ibili dira, baina haiek ere Atutxa II.ak eta Mugertza II.ak bukatu dituzte azkarren. Hala, laugarren urtez jarraian, Atutxa II.ak eta Mugertza II.ak jantzi dute urrezko aizkolarien txapelketari dagokion txapela. Azken lanetan giroa ere berotu da Izarraitz pilotalekuan, bertaratu diren dozenaka lagunak aizkolariak gogotik animatzen aritu baitira. Euskadi Irratian elkarrizketatu dituzte Atutxa II.a eta Mugertza II.a, eta haiek azaldu dutenez, "oso gustura" daude lortutakoarekin. Finala estua izan dela ere azaldu dute bi aizkolariek. "Irabazterik ez genuen espero, baina itxaropena bagenuen. Etorri gara, lan txukuna eginez gero gertu ibiliko ginela bagenekien, eta sufrituta, baina irabazi egin dugu", azaldu du Atutxa II.ak. Hark azaldu duenez, final "erregularra" egin dute: "Hori da gure arma. Lan guztietan ez gara bikain moldatzen, baina oso ondo ibili gara. Azken lanean ere aurretik gelditu gara, eta hortxe egon da gakoa". Horrez gain, finalak ikusmin handia sortu duela eta publikoak "oso ondo" erantzun duela azaldu du Mugertza II.ak. "Azpimarratzekoa da aizkolarietan eman den aldaketa ikusleen artean ere izan dela; aizkolari gazteak sartu dira lehiara, eta gaur publikoan gazte ugari zegoen". Urrezko aizkolarien probatik probarako tarteetan 23 urtez azpiko Gazteen Txapelketaren finala izan da. Nor baino nor aritu dira Eneko Otaño beizamarra eta Ioritz Gisasola Zelai III.a eta Joxean Etxebarria Etxebarria II.a eta Oier Kañamares Kañamares IV.a. Horiek lau motatako 12 enbor ebaki behar izan dituzte, eta Otaño eta Gisasola nagusitu dira lanak 11:07 denboran eginda. [flickr_set id="72157677636407583"]  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide