Zuzendaritza Batzorde berria aurkeztuko du Lagun Onakek datorren ostiralean

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 3a

19:00etan egingo dute aurkezpena Sindikatu Zaharrean. Mikel Izurieta da Lagun Onakeko presidentea egun, eta hark lau urterako konpromisoa hartu zuen 2011n. Ordutik hainbat saiakera egin dituzte Zuzendaritza Batzordea aldatzeko, baina ez dute fruiturik eman ahaleginek. Gaur zortzi aurkeztuko dute Izurieta eta zuzendaritza ordezkatuko dituen lantaldea.

Joxe Angel Peña kirol arduraduna eta Mikel Izurieta presidentea, Lagun Onaken iazko urriko batzarrean. (Uztarria.eus) Azpeitiko Lagun Onak futbol taldeak Zuzendaritza Batzorde berria aurkeztuko du datorren ostiralean, martxoak 10, Sindikatu Zaharrean. Zuzendaritza berritzeko hautaketa prozesu luzea egin du Lagun Onakek, baina gaur zortzi egingo dute zuzendaritza talde berriaren aurkezpena 19:00etan hasita. Klubak bertaratzeko deia egin die interesa duten herritarrei. Egun, Mikel Izurieta da Lagun Onakeko presidentea. 2011n hartu zuen Azpeitiko futbol taldearen gidaritza, lau urterako. 2015ean egin zuten Izurietak eta haren taldeak zuzendaritza uzteko lehen saiakera, baina ez zuten haiek ordezkatuko zituen lantalderik aurkeztea lortu. Hori dela eta, beste urtebetez kluba zuzentzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuen Izurietak, eta tarte horretan aritu dira talde berria eta Zuzendaritza Batzordea berritu ahal izateko lanetan. Iazko ekainean nahi zuten kargua uztea, baina urriko bazkideen batzarrera atzeratu zuten aldaketa, denboraldi berria prestatzen hasita zirelako. Urrian urteko bazkideen batzarra egin zuen Lagun Onakek, eta orduan jakinarazi zuten momentuz ez zela aldaketarik izango zuzendaritzan. Baina, erreleboa hartuko duen taldea osatu dute dagoeneko, eta datorren ostiralean jakinaraziko dute nork ordezkatuko duen Mikel Izurieta presidentea eta Zuzendaritza Batzordea.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide