Javier Alberdik zuzenduko du Julian Barrenetxea abesbatza. (Wikipedia)
Julian Barrenetxea abesbatzari hainbat aldaketa egiteko ordua iritsi zaio. 30 urteko ibilbidea du abesbatzak, eta urte guztiotan ahots nahasietako korua izan bada ere, ahos zuriko korua izango da aurrerantzean "gizonezkoen faltagatik". Horregatik, abesbatzako kideek korura batzeko deia egin diete abesteko gogoa duten gizon-emakume guztiei. Entseguak asteazkenetan egiten dituzte 21:00etatik 22:30era, eta interesa duen edonork abesbatzako kideekin harremanetan jarri besterik ez dutela egin behar adierazi dute koruko kideek. "Zuen laguntzarekin Julian Barrenetxea berriro ahots nahasien abesbatza izatera itzul daiteke", esan du Maite Requejo abesbatzako lehendakariak.
Ez da, baina, hori abesbatzak izan duen aldaketa bakarra. Izan ere, Jaime Amenabar abesbatzaren zuzendariak kargua utzi du, eta Javier Alberdi Aita Donostia abesbatzako zuzendariak hartuko du haren batuta. Julian Barrenetxea sortu zenetik Jose Luis Frantzesenak eta Jaime Amenabarrek izan dute koruaren gidaritza. Julian Barrenetxeako kideek bi horiei egindako lana eskertu diete.
Orain, berriz, Javier Alberdi (Donostia, 1964) izango da abesbatzaren zuzendaria. Esteban Elizondoren eta Tomas Aragüesen ikaslea izana da Alberdi, eta 20 urtetan Donostiako Orfeoiko abeslaria izan zen. Egun, Kea ahots taldeko abeslaria da. Horrez gain, hainbat abesbatza gidatu ditu, hala nola Aita Donostia, Lazkaokoa, Beasaingoa eta Angelukoak.