Azpeitiko Festa Batzordearen hitzetan, "ikaragarriak" izan dira aurtengo inauteriak

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 2a

Azpeitiko Festa Batzordeak amaitu berri diren inauterien balorazioa egin du, eta eskerrak eman dizkie festetan parte hartu duten herritar guztiei. Izan ere, batzordearen arabera, "ikaragarriak" izan dira aurtengo inauteriak: "Elegante Egunean zein Astelehen Karnabalean izugarria izan da herritarren parte hartzea". Festa Batzordeak azpimarratu du "giro ikaragarri onean" igaro direla inauterietako egun guztiak, eta pozgarritzat jo du hori. "Ohiko arazoez gain larritasun bereziko ezer ez da gertatu". "Ehundaka lagun izan ziren kaldereroetan zartagina eskuan zutela kaleetan kantuan. Elegante Eguna ere giro ezin hobean joan zen, eta Astelehen Karnabalekoa zaila da hitzez azaltzen. Goizean goizetik haur eta heldu, mozorrotuta ibili ziren kalean. Ikusgarria izan zen herritarrek nola landutako mozorroak atera zituzten kalera. Familian, lagun artean…". Adierazi dute herritarrek egin dituztela festa hauek "ikaragarri", eta "guri eskerrak ematea tokatzen zaigu”. Horiez gain, Udal Musika Banda, Zezenbeltz eta "kalean giroa jartzen aritu diren guztiak" eskertu dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide