Adineko emakumeen egoeraz, bihar solasaldia

Nerea Uranga 2017ko martxoaren 1a

Marian Esnaola. (Hitza) Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Azpeitiko Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak bi ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako: biharko adineko emakumeen egoeraz mahai ingurua eta hilaren 6rako Sufragistas filmaren emanaldia. Bihar, osteguna, Adinekoa eta emakumea izatearen zailtasunak zahartzaroan gai hartuta mahai ingurua egingo dute, 16:30ean, Baigera Ieko hitzaldi aretoan. Solasaldian parte hartuko dute Mariarro Alberdi Azpeitiko udaletxeko adinekoen teknikariak eta Marian Esnaola Duintasuna Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsionisten elkarteko kideak. Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, berriz, moderatzaile ariko da. Mariarro Alberdik Azpeitiko datuak eta gaur egungo egoeraren berri emango du solasaldian. Horrez gain, udaletik egiten duten lanaren eta dituzten zerbitzuen berri ere emango du. "Emakumeak, pobreagoak" Duintasunako kide Marian Esnaolak, berriz, haien elkartean hitz egin eta aldarrikatzen dutenaz jardungo du. "Duintasuna elkartean askotan hitz egiten dugu emakumeen bizi kalitateaz eta egoeraz. Esan beharra dago, gizonen egoerarekin alderatuta, orokorrean emakumeena okerragoa dela. Hor arazoak daude. Eta zergatik gaude emakumeak okerrago? Zergatiak du garrantzia, eta horretaz hitz egin behar da", azaldu du Esnaolak. Haren arabera, emakumeek gizonen aldean pentsio txikiagoak dituzte, eta horrek haien bizi kalitatea eta egoera baldintzatzen ditu: "Pobreagoak dira, eta okerrago bizi dira emakumeak. Hor kontuan hartu behar dira lana, zaintza eta administrazioak aberastasuna nola banatzen duen. Politika oso txarra egiten da langileek ordaindutako diru hori banatzeko garaian. Hau da, ahalmen handiena dutenen mesedetan egiten da politika, gehien daukatenen mesedetan". Gizarte laguntzen murrizketaz ere ariko da Esnaola biharko mahai inguruan: "Laguntzak gero eta gutxiago dira, murrizten ari dira. Eta zeintzuk dira laguntza horiek jasotzen dituzten gehienak? Emakumeak. Ondorioz, emakumeen egoera okerrera doa. Pobrezia egoeran dauden emakumeen eta haurren kopurua gehitzen ari da, hala diote datuek". Duintasuna elkartean lantzen dituzte gai horiek eta kritikoak dira gainera, horren guztiaren berri emango du bihar Baigeran. Martxoaren 8arekin lotuta Baigerak antolatu duen bigarren ekitaldia hilaren 6an izango da: Sufragistas filmaren emanaldia, 16:30ean, Baigeran. Bertan, Edurne Aranbarri udaleko parekidetasun teknikariak hitza hartuko du. Eta, ondoren, txokolatada egingo dute bertan bildutako guztiek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide