Aitor Odriozola eta Belen Zendoia 2014ko karnabaletan muntatu zuten arte museoan. (Hitza)
hainbat urtetako karnabaletako dozenaka eta dozenaka irudi txukun-txukun albumetan gordeta ditu Belen Zendoiak (Azpeitia, 1952). Karnabalak baino gustukoago ditu festa horietarako prestaketak, eta urtero lan ederrak hartzen ditu familiakoei jantziak-eta egiteko. Zendoiak dio bera ez dela hain parrandazalea, baina senideentzat karnabalak bereziak direla azaldu du: "Ospatu izan ditut karnabalak, igandean eta astelehenean ateratzen ginen, eta garai batean Ostegun Gizen ere ospatzen genuen lagunekin, baina... Senarra oso karnabalzalea zen, seme-alabak hala dira, eta biloba ere bide beretik dator".
Zendoiak gogoratzen duenez, seme-alabak txikiak zirela, duela 30 bat urte, hasi zen familia osoa Elegante Egunean kalera ateratzen. Orduan ere besteei jantziak egiten aritzen zen Zendoia. "Senarrak nire aitonak egindako trajea janzten zuen, eta semeari eta bi alabei neuk egin nizkien. Nahikoa lan hartu nuen eta neuretzat ez nuen egin, baina batek hala esan zidan kalean: 'Ze, ez al zara jantzi?'. Pixka bat amorratu ninduen hori entzuteak, baina arrazoia zuela ohartu nintzen. 'Laurak jantzi dira eta ni ez? Gaur arte!', esan nion neure buruari. Ohegainekoen bila hasi nintzen, eta ordutik urtero janzten naiz".
Senarra duela urte batzuk hil zitzaion Zendoiari, eta hark dio bera Elegante Egunean janztea eta kalera ateratzea omenaldia dela senarrarentzat. "Harentzat oso egun garrantzitsua zen... Irrintzi elkarteko bazkidea zen, eta Elegante Egun goizean krosa egiten zenean mikrofonotik hitz egiten aritzen zen kioskoan".
Zendoiak dio etxean Jai Karnabaleko usadioari eusten diotela. "Ohetik jaiki, prestatu eta hamaiketakoa egiten dugu etxeko denok. Une hori ederra izaten da, adibidez. Gero kale buelta egiten dut, eta etxera".
Astelehenak ditu lanak
Astelehen Karnabalarekin lotura esturik ez du izan Zendoiak duela urte batzuetara arte. Izan ere, orain hiru urte animatu zen semearekin mozorrotzera. "Otu zitzaidan arte museoa munta genezakeela. Semea eta biok koadro banatako protagonistak ginen: Felipe II.a eta Elisabeth, eta museoa irudikatu genuen udaletxe azpian". Zendoiak dioenez, orduko hura izan zen bere "debuta". "Lehen aldiz atera behar nuenez, ikaragarrizko lanak hartu nituen. Urtebete pasatu nuen bion jantziak egiten. Trapuak, ohe estalkiak, errezelak... denetarik aprobetxatzen dut jantziak egiteko. Bestalde, bi metro pasako bi marko egin nituen etxeko sotoan, eta bukatzean, handik nola atera! Zerrarekin moztu eta berriz muntatu behar izan genituen". Hainbeste lanen ordainetan saria jaso zuten, eta, behin saria irabazita, "erretiroa" hartzea erabaki zuen Zendoiak. "Ausarta ematen dut, baina jendaurrean lotsatu egiten naiz. Egun hura pasatutakoan gustura gelditu nintzen, erronka izan zelako. Pentsa, tila boteilarekin joan nintzen udaletxe azpira. Semea, berriz, plazagizona da, hazi egiten da jendearen aurrean".
"Biloba hasi zitzaidan hurrengo urtean zer egin behar genuen esaten...". Ezin esan txikiari ez zirela mozorrotuko, eta erretirorik ez, beraz. "Alaba bisitatzera Edinburgora joan nintzen, eta hango azoka batean Shaun ardiaren panpin bat erosi nuen. Pentsatu nuen biloba txikiarekin jantziko nintzela, eta panpina aterako genuela gurekin. Pixka bat sosoa iruditzen zitzaidan bi lagun ateratzea, eta familiako afari batean gainerakoei proposatu nien". Ordurako ardi buru bat eginda zeukan Zendoiak, baina, baiezkoa jasota, dozena erdia inguru egin behar. "Itxiturak, futboleko atea, jolasak... denetatik prestatu genuen. Ganbaran koreografia entseatzen ere aritu ginen". Astelehenean, eguraldi txarrari aurre eginez, kalera atera ziren Shaun arditxoak, eta taldeko saria eskuratu zuten. "Mundial pasatu genuen. Arroz pastela eta txokolatea jan genituen gauerdian".
Sari bat jasota erretiratu behar zuenak, beraz, bigarrena irabazi zuen. "Ja erretiratu naiz", dio orain. "Iaz atera nintzen, baina semeari laguntzera. Musika kaxako dantzariarena egiten aritu zen, eta ni erratz makilarekin ari bueltak ematen". Barruak mugiarazi zizkion Zendoiari semearen iazko mozorroak. "Senarra urte batean jantzi zen dantzari, eta Artetxeneko barandan jardun zuen dantzan. Malkoak dariola egon nintzen semeari bueltak ematen".
Ideia faltarik ez
Mozorroak prestatzeko gogorik, ideiarik eta ilusiorik ez zaio falta Zendoiari. Datorren astelehenean semeak jantziko duen mozorroa abuztutik bukatuta dauka. Halere, dozenaka jantzi egin dituen honetan, Zendoiak dio "berez" josten ez dakiela. «Ideia ondo garatzea gustatzen zait, eta gero josi, ba... Karnabalak dira eta sorbalda bat gorago edo beherago...".
"Gustuko tokian aldaparik ez" dio esaerak, eta Zendoia hala ibiltzen da karnabaletako prestaketetan murgiltzean. "Gozatu egiten dut, bizi ere bai. Eta semeak are gehiago".