Azpeitiko Sarek anbulatorio aurrean egingo du etziko elkarretaratzea

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 22a

Azpeitiko Sare herritarrak anbulatorioaren aurrean egingo du otsaileko azken ostiraleko elkarretaratzea. Salatzen dut kanpainarekin jarraituz, gaixorik diren presoen eskubideak errespetatzea eskatzeko eta haien egoera salatzeko, osasun etxearen aurrean egingo dute kontzentrazioa 19:00etan hasita. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete herriko Sareko kideek. Honako testu hau kaleratu du Azpeitiko Sarek: "Sare herritarrak, kezka handiz bizi du larriki gaixorik diren euskal presoen kopuruak izan duen okerrerako bilakaera. Eta azken astean jasotako albisteek alarma gorri guztiak piztu dituzte.? Hiru preso gehiago gehitu dira zerrenda beltz horretara: Manu Azkarate, Joseba Borde eta Oier Gomez. Guztira 13 preso dira larri gaixo daudenak, inoizko kopuru handiena. - Oier Gomez preso gasteiztarra bi hilabetez min handiekin eta zutik egoteko gai ez dela egon ondoren, eritetxera eraman zuten. Bertan proba batzuk egin ondoren, oso aurreratua eta zabaldua duen minbizia duela diagnostikatu diote. Oierren egoera oso oso larria da. - Ibon Iparragirre, oso larri gaixo dagoen Ondarroako presoa, 24 ordutan bi aldiz jipoitu dute beste preso batzuek. Aurrez ere antzeko gertaera gehiago jasan dituen arren, modulu gatazkatsuenean mantendu dute, beste euskal presoekin inolako harremanik gabe. Ibonek C-3 mailako Hiesa du eta burmuinaren ezker lobuluan orban bat sortu zaio, nerbio optikoa kaltetzen diona: ez da gai egunkariko azaleko titular bat irakurtzeko ere eta memoria galerak eta krisi epileptikoak ere eragiten dizkio. - Manu Azkarate tolosarra ere ospitaleratua izan da, isipula agertu zaiolako ultzeratua duen hankan. Ospitalean 9 orduz eduki zuten aulki batean eserita itxaroten, hori hankan duen ultzerarentzat oso kaltegarria izan arren. - Aitzol Gogorza ere erietxera eraman behar izan dute eta bere egoera askatasuna eskatzeko gose greba egin berri du. - Jagoba Codori 2. gradua ukatu zioten. Horiek, preso gaixoen egoera larritzen ari denaren adibide batzuk besterik ez dira. Azpeitiko Sarek kezka handiz jasotzen ditu berri horiek, ez baita ulergarria nazioarteko itunek, Mandela arauek, espainiar eta frantziar legediek... den-denek, larri gaixo dauden presoek askatasunean izateko duten eskubidea azpimarratzea, eta aldiz, euskal presoen kasuan espetxean mantendu asmoz salbuespen neurriak erabiltzea. 'Larriki gaixo' eta 'kartzela' uztartu ezin diren bi termino izanda, pasatzen den egun bakoitzak preso bakoitzarentzako duen larritasunari, gaixotasunaren areagotzeari, egiten dio mesede. Hori dela eta, espainiar eta frantziar gobernuei gizatasuna eskatu nahi dio Azpeitiko Sarek. Gizatasuna eta justizia. Giza eskubideak errespetatu eta beraien legediak betetzen has daitezela berehala.? ?Eta hori lortzea euskal jendarte osoari dagokigu, norbanako nahiz agintari politikoei.? ?Pertsona bakar bat espetxean egoera horretan egotea onartezina bada, gero eta pertsona gehiago egoteak zer pentsatua eman behar liguke. Horregatik, hori salatzea eta herritar guztientzat eskubide guztien defentsa irmoa egitea jendartearen ardura da, guzti-guztiona eta gutariko bakoitzarena.? ?Horregatik guztiagatik, Azpeitiko Sarek preso gaixoen askatasuna eskatzeko ostiralean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko eskatu die herritarrei."

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide