Oier Etxeberria azpeitiarra Tabakalerako Proiektu Artistikoen arduraduna da, eta, joan den ostiralean, Ane Rodriguez Tabakalerako kultura zuzendariarekin batera Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia erakusketa aurkeztu zuen Donostiako Tabakaleran. Etxeberria da erakusketaren komisarioa.
Erakusketaren xedea bizigarriak aztertzea da –kafea, azukrea, tabakoa edo opioa, kasu–. XV. mendean bereziki ugaritu ziren itsasoko esplorazio bidaiekin abiarazi zen bizigarrien zirkulazioa. Merkantzia truke horiek garai berri bat ekarri zuten, eta ekonomia bizitza kolektiboko funts bihurtu zuten.
Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia erakusketak hainbat artistak egitasmo horretarako propio egindako ekoizpenak eta artxiboetatik eta museotatik ekarritako artelanak eta materialak biltzen ditu. Era berean, 2015-2016 biurtekoan Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan bertan izandako hitzaldi, mintegi eta tailerretan sortutako hainbat agiri ere jasotzen ditu.
Erakusketak iraun bitartean, ekainaren 11ra arte, hain zuzen, bertan lantzen diren gaiekin lotutako jarduerak egingo dituzte: besteak beste, hitzaldiak, performanceak eta bisitak.