Zartagin hotsek iragarriko dituzte iristear diren Azpeitiko karnabalak

Urola Kostako Hitza 2017ko ots. 17a, 15:01

Arana kaletik 19:00etan abiatuko da bihar kaldereroen konpartsa. Gauean, Fuel Fandango eta DJ Chelis izango dira. Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du igandean.

Bertaneko kideak, Udal Musika Bandako kideak eta udal ordezkariak karnabalen aurkezpenean. (Maialen Etxaniz/Uztarria.eus) "Atera, atera, trapuak saltzera..." dio kaldereroen Trapu zaharrak abestiak. Eta trapuak, apaingarriak eta bitxiak ez ezik, zartaginak ere aterako dituzte azpeitiarrek bihar arratsaldean kalera. Izan ere, ohiturari jarraituz, karnabalak iragarriko dituzte bihar kaldereroek. Alde Zaharreko kaleetan barrena ibiliko da kaldereroen konpartsa, Arana Kaletik 19:00etan abiatuta. Udal Musika Banda eta Juan Antxieta musika eskolako kideak izango dituzte bidelagun ibilbide osoan, eta gidari lanak IƱaki Regil Matxotek egingo ditu. Hainbat geldialdi ere egingo dituzte, hala nola Olazko Andre Mariaren plazan, San Martin egoitzan, Plaza Txikian eta Perez Arregi plazatxoan. Kaldereroen ibilbidea plazan bukatuko da. Mikel Ibarzabal Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak azaldu duenez, "oso gustura" daude azken urteetan kaldereroek izan duten erantzunarekin. "Orain dela 10 edo 12 urte hasi zen udala kaldereroak antolatzen, eta urte batzuetan herritarren parte-hartzeak behera egin bazuen ere, berriro gora egiten ari da". Zartagin hotsak isiltzean, beste doinu batzuek hartuko dute protagonismoa: 23:00etan hasiko dira Fuel Fandangoren eta DJ Chelisen emanaldiak Sanagustin kulturgunean. Bandaren kontzertua Igandean ere inauteri giroan murgiltzeko aukera izango dute herritarrek. Urteroko legez, Udal Musika Bandak kontzertu berezia emango du Sanagustin kulturgunean, 13:00etatik aurrera. Musikariekin oholtzan izango dira Julian Barrenetxea abesbatzako kideak. Gainera, argazki elkartekoek inauterietan ateratako irudien proiekzioa eskainiko dute emanaldiak irauten duen bitartean. Festak ez du etenik Datorren astean ere izango da zer goza herrian, karnabalen aitzakian: Ostegun Gizenean Udal Musika Bandak pintxo-pote musikatua eskainiko du, eta ostiralean Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoen euskal inauterien kalejira izango da. Zapatuan, berriz, Go!azenen emanaldiak eta txu-txu trena izango dira aukeran. Horiek karnabaletako menuaren hasierako platerak besterik ez dira, etzi zortzi iritsiko baitira inauteriak herrira. Egun horietarako ere ekitaldiz bete dute egitaraua, eta sokamuturraz, kaleko musika emanaldiez, artzain-inudeen kalejiraz, mozorroen desfileaz nahiz lehiaketaz, suzko zezenaz eta abarrez disfrutatzeko aukera izango dute herritarrek. EGITARAUA Bihar, zapatua 19:00. Kaldereroen kalejira Udal Musika Bandako eta Juan Antxieta musika eskolako kideekin. Arana kaletik abiatuko dira. 23:00. Fuel Fandangoren eta DJ Chelisen kontzertuak Sanagustin kulturgunean. Etzi, igandea 13:00. Musika Bandaren eta Julian Barrenetxea abesbatzaren karnabaletako kontzertua, argazki elkartekoen irudiekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide