Informazio panelak jarri dituzte Inaziotar Bidearen Gipuzkoako zatian

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 16a

Panelak jarri dituzte lehen bi etapak hasi eta bukatzen diren tokietan, hau da, Azpeitian, Zumarragan eta Arantzazun. Gainera, ibilbideko herrietan Inaziotar Bidearen logodun plakak jarri dituzte eta etapetako bidegurutzeetan seinaleak. Hainbat udaletako nahiz garapen agentziatako eta aldundiko nahiz jaurlaritzako ordezkariak Loiolan izan dira gaur.

Erakunde desberdinetako ordezkariak gaur Loiolan. (Julene Frantzesena) Azpeitia eta Manresa lotzen dituen Inaziotar Bidearen Gipuzkoako zatian hainbat informazio panel jarri dituzte. Hain zuzen, panelak jarri dituzte lehen bi etapak hasi eta bukatzen diren tokietan, hau da, Azpeitian, Zumarragan eta Arantzazun. Gainera, ibilbideko herrietan Inaziotar Bidearen logodun plakak jarri dituzte eta etapetako bidegurutzeetan seinaleak. Inaziotar Bidea igarotzen den herrietan panelak jartzeaz gain, mapak kaleratu dituzte bidearen informazioa eskaintzeko eta inguruko herrien eskaintza turistikoa zabaltzeko. Gaur eman dute horren berri Inaziotar Lurraldearen eta Inaziotar Bidearen proiektuetan lanean ari diren erakundeetako ordezkariek. Loiolan izan dira Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria, Azkoitiko Udaleko zinegotzi Ana Azkoitia, Zumarragako alkate Mikel Serrano, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Maite Cruzado, Eusko Jaurlaritzaren Basquetour agentziako zuzendari Arkaitz Millan eta Urola Erdiko eta Debagoieneko garapen agentzietako kideak. Ordezkari guztiek nabarmendu zuten instituzioen arteko elkarlana beharrezkoa dela Inaziotar Lurraldea eta Inaziotar Bidea indartzeko, eta "sarean" lanean  jarraituko dutela esan zuten. Azpeitiko alkateak esan zuen "plazera" dela instituzio desberdinak elkar hartuta egotea Inaziotar Lurraldearen proiektua bultzatzeko. Maite Cruzado aldundiko Turismo zuzendariak esan zuen Inaziotar Lurraldea "lehentasunezko" proiektua dela erakundearentzat. "Saretuta ari gara lanean, eta instituzioen kolaborazioarekin Inaziotar Bidearen ahalmena handitzen joango da. Aldundiak anbizio handiko helburua du bideari dagokionez. Gainera, Gipuzkoako turismoari lotutako webgunea aurkeztu genuen atzo, eta Inaziotar Lurraldea San Sebastian Region proiektuaren bost eskaintza nabarmenen artean dago". Ana Azkoitia Azkoitiko Udaleko zinegotziak nabarmendu du Inaziotar Ibilbidea igarotzen den herriek "altxor bat" dutela ohartu behar dutela, eta altxor hori "zaindu eta babestu" egin behar dela esan du. Hark dio erronka dela bisitariak Loiolatik inguruko herrietara gerturatzea, eta haren ustez hori erraztuko du ibilbidea ezagutarazteak eta erabilgarri egiteak. Arkaitz Millan Basquetourreko zuzendariak esan du jaurlaritzak turismo jasangarria duela xede, eta erlijio eta kultura turismoa oso garrantzitsuak direla; izan ere, haren arabera, turista mota hori bertako kultura, gastronomia eta monumentuak ezagutzera datoz, eta horiek errespetatu egiten dituzte". Millanek ere elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, eta Inaziotar Bidearen onura bat ere nabarmendu du: "Urte osoan egin daitekeen bidea da, eta turismoa desestazionalizatzen lagun dezake".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide