Udaleko, musika eskolako, San Martin egoitzako eta Antxieta Etxeko kideak. (Azpeitiko Udala)
Udalak eta Juan Antxieta musika eskolak terapia musikalari lotutako programa bat jarri dute martxan. San Martin egoitzako egoiliarrei, Antxieta Etxean bizi diren Goienetxe fundazioko erabiltzaileei eta Biharko Eguneko Zentroko kideei zuzendutako programaren helburua da parte-hartzaileen "oroimen musikala piztea". Gainera, terapiak "bakardade sentipenarekin hausteko eta talde izaera eta pertsonen arteko harremanak lantzeko" ere balio duela azaldu du Mari Jose Bikendi musika eskolako zuzendariak.
Orotara, 37 lagun ari dira saioetan parte hartzen. Astean behin elkartzen dira 45 minutuz, Felipe Murillo eta Iraia Bereziartua musika eskolako irakasleekin. Musika tresna desberdinak probatuz eta abestuz oroimen musikala pizten saiatzen direla azaldu dute.
Bikendik azaldu duenez, parte-hartzaileak "gogotsu" joaten dira saioetara. "Saioek, batez ere, emozioa eta ilusioa sorrarazten dizkiete: ilusioa egunerokotik irteteko, gozatzeko eta gizarte honen parte sentitzeko", esan du. Udalak ere bide beretik hitz egin du: "Musika hezkuntzarekin eta aisialdiarekin lotzeaz gain, pertsonen bizi kalitatean eragiteko tresna gisa baliatu nahi dugu".
Musika terapiarako erabiltzeko ideia "duela denbora batetik" zuten buruan musika eskolako kideek. "Urtero egiten dugu bisita bat, behintzat, San Martin egoitzara, baina zerbait gehiago egin genezakeela ikusten genuen". Horregatik, beste hainbat musika eskolatan martxan jarritako terapia musikalen esperientzietan oinarrituta osatu dute proiektua musika eskolak eta udalak.
Josu Labaka Kultura batzordeburuak dioenez "ideia oso ona" izan da. Elkarlana "kulturara gerturatu ezin dutenei kultura eskura jartzeko egindako lehen ahalegina" dela azaldu du Labakak. Hark dioenez, kultura "garrantzitsua" da udalarentzat: "Kulturaren sorkuntza bultzatzen dugu hainbat bidetatik, baina kulturaz gozatzeko aukera ere herritar orori eskaini nahi diogu. Horrek pertsona eta herria, biak, aberasten dituelako".