Xebastian Gurrutxaga: "Uste dut emaitzak etorriko direla, baina aurrera begira"

Uztarria.Eus 2017ko otsailaren 9a

Nuarberekin ia 30 urtez tiratzen aritu ondoren, sokatirara itzuli da Xebastian Gurrutxaga (Nuarbe, 1959).

Xebastian Gurrutxaga (Uztarria) Nondik sortu zaizu Mutrikuko taldea entrenatzeko aukera? Lehendik ere jardun izan zitzaizkidan, baina joan den udan egin zidaten eskaintza. Nuarben, Donostia 2016ko ekitaldien barruan egin genuen ekintzarako [Juan Luis Morazaren Tug of war], talde bat behar genuen erakustaldia egiteko eta Mutrikukoei deitu genien. Hura prestatzeko bileraren bat edo beste egin genuen, eta orduan egin zidaten eskaintza; pentsatuko nuela esan nien, eta azkenean baiezkoa eman. Ia 30 urte egin zenituen tiratzen, Nuarben gehien bat eta Urrestillan ere bai, baina aspaldi utzi zenuen. Mantendu al duzu, hala ere, sokatirarekiko lotura? Oker ez banago, 2007a izan nuen azken urtea. Pixkat jarraitu izan dut, komunikabideen bitartez eta; baina gehiegi ez, egia esan. Sokatira utzi genuenean eta Nuarbeko taldea desegindu zenean, egundoko atsekabea izan zen niretzat. Ezin nuen imajinatu sokatirarik gabe bizitzea. "Orain zer egin behar dut nik?", pentsatzen nuen, hari eskaintzen nion denbora guztia zertan emango ote nuen. Baina hartzen dituzu beste ohitura batzuk eta, gero, lehen baino denbora libre gutxiago duzula konturatzen zara! Mutrikukoei ere hala esaten nien, orain egin didaten eskaintza garai hartan jaso izan banu baita tiratzera ere, joango nintzen; zeozer falta nuen. Zer moduzkoa ari da izaten hasiera? Ez da denbora gehiegi hasi naizela, hilabeteren bat-edo daramakit lanean. Jende berria dago taldean eta horiek goma gainean probatzea nahi zuten. Nik esan nien ez zegoela maila handiegirik ematea, lehenengo urtea izanda. Ibili dira Euskadiko Txapelketan, bi pisutan hartu dute parte, eta azkenengo postuetan sailkatu dira; jakinaren gainean geunden ez zegoela miraririk baina, behintzat, beraiek ere jakitun dira orain hor zer dagoen. Baina taldearen helburu nagusia, urtero bezala, lur gaineko denboraldia izango da; maiatzean hasiko da Euskadiko Txapelketa eta irailean Europakoa jokatuko da, oker ez banago, Ingalaterran. Jendea horiei begira egoten da, batik bat. Jarraitu irakurtzen Uztarria.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide