Gizonak berdintasunerako hezitzaile tailerra eskainiko dute gaztelekuan hilaren 25ean. Arremanitz kooperatibako kideek bideratuko dute saioa eta haur zein gaztetxoen gizonezko hezitzaileei zuzenduta dago. Hiru orduko tailerra izango da, 10:00etatik 13:00etara. Gizon izateko jasotako erreferenziez hitz egingo dute, "gizon izateko gutako bakoitzak duen ikuskeraz, jaso ditugun ereduez, eta noski, gure haur eta gazteei helarazi nahi dizkiegun eredu eta jarrerez", azaldu dute.
Antolatzaileen arabera, "asko gara, haur eta gazteekin aisialdian aritzen garen hezitzaileak, kirolean, aisialdiko taldeetan, bertsolaritzan eta beste hainbat jardueratan, eta gure ekarpena garrantzitsua da haur eta gazteen bizitzan, haien harremanetan eta bizimoduan eragina dugu, batzuen erreferente izan gara, egoera zailetan gure babesa eskaintzen diegu. Hezitzaile izateaz gainera gizonak gara, eta bakoitzaren berezko ezaugarri pertsonaletatik harago, guztiok jaso ditugu gizon eta hezitzaile izateko hainbat eredu zehatz".
Tailerrean parte hartu nahi duenak otsailaren 22a baino lehen eman beharko du izena Gazte Informazio Bulegoan (GIBan),
gib@azpeitia.eus helbidera mezua bidalita edota 943-15 71 60 telefonora deituta. Prezioari dagokionez, 5 euro ordaindu beharko dute parte hartzaileek.