Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Agustin Lizarralde zinegotzia Europako Parlamentuan. (Eneko Etxeberria)
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea Europako Parlamentuan, Bruselan, da udal administrazioen enplegu politiken inguruko jardunaldietan, Agustin Lizarralde zinegotziarekin batera. The European United Left/Nordic Green Left talde politikoak antolatu ditu jardunaldiok, eta Etxeberriak Azpeitiko Udalaren esperientzia azalduko zuen atzo arratsaldean parlamentuan. "Tokiko ikuspuntutik, udaletik eta Iraurgi Berritzen bailarako garapen agentziaren bidez abian jarritako proiektuak eta ekimenak" azaldu zituen.
Tokiko ekonomiari dagokionez, industriaren beharra azpimarratu zuen, eta Azpeitian martxan jarritako ekimenak aipatu zituen. Ildo horretan, egoerak "ahal den neurrian" eta "pixkanaka" eraldatu behar direla esan zuen. Egun, egoera "hobea" bada ere, herrian "langabetu bakar bat" ere ezin dela onartu eta kalitatezko enplegua sortzea "lehentasuna" dela gaineratu zuen.
Ekonomiaz ez ezik, Azpeitiko udalaren kudeaketaz ere hitz egin zuen Etxeberriak: besteak beste, etxebizitzak alokatzeko laguntzak, formaziorako eskaintzak, diru laguntzak, bekak eta bestelako zerbitzuak aipatu zituen.
Gaur jarraituko dute jardunaldiek. Azpeitiko udal ordezkariak ez ezik, Alemaniako, Belgikako, Normandiako, Portugalgo eta Italiako hainbat udaletako ordezkariak ere ari dira parte hartzen.