Kontxi Lopez: "Emakume izateak zaintzaile izatera zigortzen zaituela dirudi"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko ots. 8a, 09:37

‘Zaindu, geure burua zainduz’ jardunaldiak eskainiko ditu Lopezek bihar eta hilaren 16an Baigeran. Hark dio emakumeak zainketan duen rola ikusarazi behar dela, aldatzeko.

Kontxi Lopez. (Olatz Mitxelena/ Oarsoaldeko Hitza) Kontxi Lopez (Donostia, 1965) gizarte langilea eta zaintzailea da. 11 urteko semea du, eta hura zaintzeaz arduratzen dela azaldu du. Zaindu, geure burua zainduz osasun jardunaldiak eskainiko ditu bihar eta hilaren 16an Baigera Ieko aretoan. 16:30etik 18:00etara izango dira saioak. Osasun jardunaldiak eskainiko dituzu. Zer helbururekin? Zainduz zaintzearen garrantzia azpimarratzeko. Helburua da zaintzari lotutako osasun ohiturak sustatzea, beti ere, kontuan izanik zainketa lanekin jarraituko dugula. Zaintza lanak norbere burua zainduz egitea da xedea, eta ez soilik inguratzen gaituen hori zainduz. Izan ere, beti besteen beharrei begira aritzen gara emakumeok, arreta gehiago jartzen diogu besteei geure buruari baino. Horregatik, jardunaldietan bultzatu nahi dugu osasuna, norbere burua kontuan hartzea, izan ditzakezun beharrei arreta jartzea eta zainketarako tresnak garatzea, beste norbait zaintzean geu ez gaixotzeko. Nori zuzendutako saioak eskainiko dituzu Azpeitian? Herritar orori, hitzaldiak irekiak dira. Emakumeen Txokoak antolatu ditu, baina emakumeen nahiz gizonen kontzientzian eragin nahi dugu. Izan ere, xedea da zaintzen ari garenean norbere burua zaintzearen garrantziaz jabetzea, horretaz hausnartzea eta zaintza sistemaren gaineko gogoeta egitea. Zergatik da garrantzitsua emakume zaintzailearen rolaz hausnartzea? Gaur egungo gizartean derrigortutako rola delako. Ez da zalantzan jartzen emakumea zainketa lanetan ari den berak erabaki duelako edo emakume izate hutsagatik. Izan ere, emakume izateak zaintzaile izatera zigortzen zaituela dirudi. Eta ez du zertan horrela izan. Bestalde, gogoeta egin behar da zaintzaren erantzunkidetasunaz. Ez dagokigu soilik emakumeoi, gizarte osoaren egitekoa da. Beraz, pentsatu behar dugu emakumeok zergatik sentitzen dugun familiakoak edo maite ditugunak zaintzeko ardura, eta gizonezkoek ez. Badirudi emakumeok ez dakigula erabakia edo betebeharra den, eta horretaz ere hausnartu egin behar da. Zaintza lanetan dabilen emakume asko bere burua zaintzeaz ahazten da, gainera. Feminista askok egin dituzte emakumeek identitatea eraikitzeko duten moduari buruzko ikerketak, eta horietako batzuek diote ingurukoek eragin handia dutela horretan; hau da, inguruan ditugunen beharrak asetzea dela lehentasuna, eta horren arabera eraikitzen dugula identitatea. Horregatik, asko kostatzen zaigu geure beharrak eta nahiak identifikatzea. Eta hori egiten dugu emakumeok maite ditugunak babesteko. Zer egin behar da gertatzen dena ikusarazteko? Garrantzitsua da zaintzaren gaia lantzea eta horren inguruan taldeko hausnarketak egitea. Greba egitea da aukeretako bat, baina hori ez dugunez egingo, praktikoena da urrats txikiak ematen hastea, hala nola tailerrak, hitzaldiak... egitea. Bultzatu behar da laneko erantzunkidetasuna, gizonezkoek hasi behar dute inplikatzen zaintza lanetan, emakumeok murriztu behar dugu zaintzara bideratutako denbora... Gizartea geroz eta zaharragoa da. Horrek esan nahi du etorkizunean ere beharko dela ingurukoak zaintzeaz arduratuko den jendea. Nola alda daiteke egungo egoera? Gizartea geroz eta mendekoagoa da. Zaintza lanak behar-beharrezkoak izango dira etorkizunean ere, eta herritarrak zaintzeaz arduratu beharko dute haien senideek edo kontratatutako langileek. Langile horiek, kasuen %90ean, emakumeak eta etorkinak izaten dira. Eta hori da, hain zuzen, zaintzaren globalizazioa. Hemen emakumeok lan munduan sartuago gaude, baina beste herrialde batzuetako emakumeak hona etortzen dira pertsonak zaintzera, beren senideen zainketak alde batera utzita. Zein da irtenbidea? Batez ere, egungo politikak aldatzea. Besteak beste, lana partekatzeko aukera eskaini, zaintza lanak egin nahi dituzten emakumeei eta gizonei aukerak eman, zaintza lanak sustatu, duten balioa eman eta ikusgarri egin. Gaur egun zaintzari ez zaio batere baliorik ematen, baina zaintzeak izugarrizko balioa du, lan ikusezina bada ere. Eta, gizartea zahartzen ari den honetan, gizonezkoei ere zaintzaren inguruko tailerrak eskaintzea garrantzitsua da, haiek ere maite dituztenak zaintzeko ardura senti dezaten; izan ere, ez da emakumea soilik horren erantzulea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide