Azpeitia-Hazparneko lehen etaparen irudi bat, urtarrilaren 14an. (Lagun Onak MB)
Azpeitia-Hazparne oinez lotzeko ibilbideko bigarren etapa egingo dute larunbat honetan. Lehenengo etapan —urtarrilaren 14an— Zarautzeraino joan ziren oinez, eta oraingoan Zarauztik Donostiara joango dira, 25 kilometrotako bidea osatuz.
08:00etan anbulatorio aurrean elkartuko dira, eta autobusez joango dira Zarautzera, Munoan hasiko dute ibilbidea, eta kanping aldetik Orioko Txurruka hondartzara joango dira. Handik Antillako hondartzarako bidea hartuko dute, eta Itxaspetik bentara igoko dira gero. Han geldiunea eta hamaiketakoa egingo dute. Indarrak hartu ondoren, Donejakue bidetik, Igeldora iritsiko dira, eta handik Donostiako Ondarreta hondartzara jaitsiko dira. Donostiako hiru hondartzak zeharkatuko dituzte, eta Zurriolan amaituko dute etapa. 14:00ak eta 14:30ak artean amaitzea aurreikusten dute.
Antolatzaileek adierazi dutenez, etapa amaitzean ordu erdiko tarte bat izango dute arropak aldatu eta mokadutxo bat egiteko. Ondoren, autobusez itzuliko dira herrira. Horien arabera, autobusa beraiekin izango da egunean zehar, beraz aldatzeko arropak, etapa amaierako jatekoa eta bestelako gauzak han utzi ahal izango dituzte.
Parte hartu nahi dutenek bost euro ordaindu beharko dute, eta izena emateko Lagun Onak Mendi Bazkunako tabernara joan edo
www.lagunonakmb.org helbideko orria bete beharko dute.