Esteban Orbegozo: "Inpresio onarekin gelditu gara, orain zain egon behar"

Uztarria.Eus 2017ko otsailaren 4a

Esteban Orbegozo atzo plazan, herritarrei azalpenak ematen. (Mailo Oiarzabal/Uztarria.eus) Mediku forentsearen deklarazioarekin eta aldeen ondorioen irakurketarekin atzo, ostirala, bukatu zen Loiolako herri harresian atxilotutako Esteban Orbegozo azpeitiarraren eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarraren kontrako epaiketa. Joan den urtarrilaren 26an hasi zen epaiketa Donostiako Lurralde Auzitegian, baina orduan izandako atzerapenak luzapena ekarri eta atzoko bigarren saioarekin amaitu zen behin betiko. Azpeitiko Librek deituta, Orbegozori babesa adierazteko eta epaiketa salatzeko elkarretaratzea, eta asanblada egin zituzten atzo iluntzean herriko plazan. Asanbladan, Esteban Orbegozo berak hartu du hitza (argazkian), epaiketa nola joan den azaltzeko. Joan den osteguneko saioan deklaratu zuten Orbegozok eta Hach Embarekek. Orbegozok nabarmendu du ertzainek, epaiketan "frogarik ez" aurkezteaz gain, gertatutakoaren gaineko bertsio kontrajarriak eman dituztela. Bai auzipetuak eta bai haien defentsa epaiketa nola joan den ikusita nahikoa gustura gelditu direla ere esan du: "Inpresio onarekin gelditu gara, orain zain egon behar". Epaia dena delakoa izanda, beren abokatuek "seguruenez" errekurtsoak egongo direla ohartarazi dietela ere esan du, alde batekoak ala bestekoak. Jarraitu albistea irakurtzen Uztarria.eus-en.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide