Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Umeentzako Museoa izandakoa Ingurugiro Etxea bihurtu zen 1998an. Ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin lotutako gaiak lantzen dituzte bertan. 'Gipuzkoako Hitza'-n egin dute erreportajea.
Aurretik Umeentzako Museoa izandakoa ingurumen gaiei eskaintzeko erabakia 1998an hartu zuten Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Sailak. "Hamar urte egin zituen martxan aurretik museoak, baina Umeentzako Museoa gero eta gehiago ludoteka izaera ari zen hartzen, beste museoetan ere gero eta handiagoa zen umeentzako eskaintza, eta ingurumenari lotutako gaiak boladan zeuden garai hartan. Beraz, pentsatu zuten bazela garaia aldatzeko eta museoari beste ikuspegi bat emateko", azaldu du Itziar Unanue (Azpeitia, 1965) museoko hiru hezitzaileetako batek.
Loiolan, basilikatik gertu, eta paraje ezin hobean dago Ingurugiro Etxea. "Toki ederra da bisitatzeko, eta museorako gonbidapena egiten diogu gaiarekin interesa daukan edonori". Ikastetxeak, adineko pertsonak, aisialdi taldeak, euskaltegiak, emakume taldeak… Batik bat taldean egindako bisitetarako egokitzen dituzte edukiak Ingurugiro Etxean. "Gure edukiak eta bisitak etortzen den jendearen beharretara egokitzen ditugu. Hala, ikastetxe batean urarekin lotutako gaiak ari badira lantzen, edo klimari buruz aritu badira lanean, guk arlo horietara begira prestatzen dugu bisita", azaldu du Unanuek. Aurrez hitzartutako bisitak izaten dira horiek, eta bisita gidatua eta jarduerak egiten dituzte. "Umeei, adibidez, hondakinak nola sailkatu erakusten diegu, ariketa praktiko baten bidez; edo erosketa simulazio bat egiten dugu, kontsumo iraunkorreko irizpideak aplikatuz".