Alberto Berzal: "Aktoreok, arrantzaleen gisan, arraina dagoen tokira joan behar dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko ots. 3a, 10:29

Emilio Aragonek sortutako 'Pulsaciones' telesailean Hector da aktore azpeitiarra. Asteazkenetan ematen dute Antena 3n.

Alberto Berzal aktorea. (Alberto Berzal) Interpretazioaren munduan ibilbide luze eta oparoa du Alberto Berzalek (Azpeitia, 1970). Orain aste batzuk estreinatu zen Pulsaciones telesailean aritu da lanean, eta antzerki obra bat estreinatuko du datorren astean. Pulsaciones telesailean parte hartu duzu. Zer moduzko esperientzia izan da? Erronka polita izan da, eta esperientzia oso gustagarria. Aktore eta lantalde oso onekin egin dut topo. Pozik joaten nintzen lanera. Hori bai, gogorra ere izan da. Iaz egin genituen grabaketak Madrilen, neguan hotz egiten du, eta, askotan, iluntzeetan errodatzen genuen. Halere, jendea oso inplikatuta zegoen proiektuan, eta horrela gustura egiten da lana. Arrakasta izaten ari da telesaila. Hainbat telesailetan egin dut lan, baina Pulsaciones da orain arte parte hartu dudan telebista ekoizpenik handiena. Aurretik, adibidez, Isabel telesaileko hiruzpalau ataletan aritu nintzen, eta Hispanian eta Cuentamen ere bai. Telesail politak ziren eta arrakasta izan zuten, baina haietan ez nintzen egon hasieratik. Ni lanean hasterako taldea eginda zegoen, eta halakoetan sartu behar izaten duzu ahal duzun moduan. Pulsacionesen, berriz, hasieratik aritu naiz, eta errazagoa da horrela lan egitea. Gainera, banekien telesail osoan ariko nintzela, eta horrek segurtasuna ematen du. Izan ere, aktoreok askotan ez dugu jakiten kapitulu batean, bitan edo hirutan ariko garen. Nola eragiten du segurtasun falta horrek? Askotan epaitzen dugu geure burua, lana ondo edo gaizki egin ote dugun galdetuz. Baina hori atera egin behar da burutik, gauzak ez baitira izaten egiten duzun lanaren araberakoak. Ahalik eta ondoen eginda ere, baliteke norberak kontrolatu ezin dituen beste arrazoi batzuek eragitea. Esaterako, audientzia txarra bada, ezin duzu pentsatu zuk lana gaizki egin duzulako denik. Pertsonaia gaiztoak, ankerrak,  interpretatzen dituzu askotan. Pulsacionesen ere bai. Zerbait ba al dute Albertotik? Pulsacionesen Hector hezurmamitzen dut, eta pertsona gaiztoa da, sikario moduko bat. Tartean sartzen dena ere arriskuan dago; beraz, hobe ez sartuta. Egia esan, halako paperak egitea tokatu zait. Hectorrek badu nire zerbait: gorputza, ahotsa... neuk eman diot bizitza. Baina, gainerakoan, oso urrun dago Alberto naizen horretatik. Paperaren arabera, moldatu egin behar izaten dugu, hori da gure lana. Hala ere, trama baldin bada bikotearekin utzi duzula edo lagun batekin haserretu zarela, zeure bizipenetatik zerbait erants diezaiokezu interpretazioari. Baina Hector moduko pertsonaia baten azalean jartzeko, lan gehiago egin behar duzu. Euskal Herrian egin zenuen azken lana Eskamak kentzen izan zen. Audientzia tarteko, ez zen bigarren denboraldirik izan. Euskal Herrian oso fikzio gutxi ekoitzi da azken urteetan. Goenkale kenduta, ezer gutxi egin da. Nik uste dut telebista publikoak zerbitzu publikoa eskaini eta euskarazko fizkioa sustatu behar duela. Garbi dago errentagarritasunari eta audientziari begiratzen zaiela, baina uste dut produktu onak egin, egin behar direla. Audientziari begira ezin du ibili ETB 1ek, ezin duelako sekulako audientziarik eduki. Ikaragarrizko konpetentzia dago, eta ETBko telesailen aurrekontuak ezin dira konparatu Espainiako kateek egiten dituztenenekin. Bakoitzak jakin behar du non dagoen: Bigarren B Mailako aurrekontuarekin ezin da Lehen Mailan lehiatu. Beraz, ahalik eta ondoen egiten saiatu behar du ETBk, eta audientzia ona bada, hobe. Euskarazko fikzioa audientziaren arabera ekoitzi behar bada, egoera ez da sekula ona izango. Espainian ari zara lanean azken aldian. Euskal Herrian ez zenuen lan eskaintzarik? Duela hogeita hiru urte Madrilera etorri nintzen. Kazetaritza ikasketak egin nituen, eta Antena 3n aritu nintzen lanean hilabete batzuetan. Interpretazioa betidanik gustatu izan zait, eta uda batez, Madrilgo eskola batean hasi nintzen ikasten. Ez dut intepretazioa Euskal Herrian ikasi eta gero Espainiara jo lan bila. Hasieratik Madrilen egon naiz, eta bertan hasi nintzen antzerkian. Urte batzuk pasatuta, Goenkaletik deitu zidaten, baina antzerkian nenbilen, eta ezin izan nuen eskaintza hartu. Handik urte eta erdira berriz deitu ninduten, eta baiezkoa ematea erabaki nuen. Beste hainbat lan ere egin ditut Euskal Herrian. Nik beti diot: aktoreok, arrantzaleen gisan, arraina dagoen tokira joan behar dugu. Goenkaleko Mario bezala ezagutuko zaitu batek baino gehiagok... Hala da, bai. Hiru hilabeterako deitu zidaten eta bi urtez aritu nintzen Mariorena egiten. Maitasun handiz gogoratzen ditut sasoi haiek. Mario handiustekoa zen, oldarkor samarra, eta arrakasta izan zuen, beharbada halako pertsonaiarik ez zelako agertu ordura arte Goenkalen. Kalean ‘Hi, txulo!’ eta halakoak esaten zizkidaten. Nondik datorkizu interpretaziorako grina? Umetan oso zinemazalea nintzen, eta akordatzen naiz Betharramdarretako eskolan antzezpenen bat egin behar zenean, danborradarako zerbait behar zenean, jaiotza egin behar zenean... Ekitaldi eta bestelako guztietan ematen nuen izena. Beraz, zerbait banuen barruan. Hala eta guztiz, familian ez dut interpretazioan aritu den inor. Nik gaztetatik nekien interpretazioa gustatzen zitzaidala, baina ez nekien balioko nuen edo ez. Eta, badaezpada, kazetaritza ikasi nuen. Iritsi zen une bat interpretaziora jauzia egiteko. Bi hilabeteko ikastaro bat egin nuen, eta bat-bateko maitemina sortu zitzaidan. Ikusi nuen hori zela egin nahi nuena. Zer ematen dizu interpretazioak? Oso bokaziozko lana da nire kasuan, eta aukera ematen dit istorioak kontatzeko, pertsonaia desberdinak egiteko, oholtza gainean sortzen den energia sentitzeko, kideekin lan egiteko... Barruan ez dagoenari zaila da zer sentitzen den azaltzea. Oso aske sentitzen naiz, eta askotan pentsatzen dut ezingo nukeela ordenagailu baten aurrean lanean aritu. Mugimendua behar dut. Horrez gain, ikusten baduzu egiten duzun lana gustatu zaiola jendeari, arazoak pare bat orduz ahaztu dituela eta gogoeta egitera bultzatu duzula, hori ere ederra da. Halere, batzuetan gogorra ere egiten da; izan ere, gauzak ez badira zuk nahi bezala ateratzen, ikaragarri eragiten dizu. Emanaldi bat gaizki egiten baduzu, gaizki sentitzen zara. Baina, oro har, sentipen oso onak sorrarazten ditu interpretazioak, eta gozatu egiten dut. Zertan zabiltza orain? Demonios obraren entseguetan nabil buru-belarri. Hilaren 9an estreinatuko dugu Madrilgo Galileo teatroan. Bi bikoteren arteko istorioa da. Asteburuan deskantsatuko dugu, baina astelehenetik aurrera ja dena muntatzen hasiko gara estreinaldirako. Interpretazioaren munduan tokia egitea kostatu egin zaizu? Zer toki? Zer toki? [kar, kar, kar]. Helburua da lana egitea, eta batzuetan tokatzen zaizkizu lan politak, eta, besteetan, ez hain ederrak. Ofizioa da hau ere, eta egin, egin behar duzu bata zein bestea. Batzuetan, urte osorako lana duzu obra handi batean, eta, beste batzuetan, bi egunetarakoa. Proiektu onetan sartu nahi duzu, eta jarraikortasunarekin eta esperientziarekin, errazagoa da zurekin gogoratzea, baina... Lehengoan Azpeitiko lagun batek esan zidan: "Beno Pulsacionesekin ja lana seguru izango duzu, ezta?". Lana seguru? Guk inoiz ez dugu lana ziurtatuta izaten. Hori bai, telesailak arrakasta baldin badu eta zure lana ikusten bada, errazagoa da norbait zurekin akordatzea. Halere, inork ez dizu bermatzen lana. Egin dezakezu lana ondo, eta jendeari ez gustatu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide