Egutegi bateratuaren hitzarmena sinatu dute Azpeitiko Udalak, Kultur Mahaiak eta Kulturaz Kooperatibak

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 2a

Iaz inoiz baino kultur ekitaldi gehiago izan ziren herrian, eta aurtengo helburua, besteak beste, hori mantentzea dela azaldu dute ordezkariek. 301.000 euroko aurrekontua izango du aurtengo egutegi bateratuak.

Kulturaz Kooperatibako, Azpeitiko Udaleko eta Kultur Mahaiko ordezkariak. (Olaia Iraola) Azpeitiko Udalak, Kultur Mahaiak eta Kulturaz Kooperatibak sustatzen duten kultur egitarau bateratua 2013tik dago martxan, eta 2017ko hitzarmena gaur, osteguna, sinatu dute. Iaz inoiz baino kultur ekitaldi gehiago izan ziren Azpeitian, eta "lorpen handia" egin zutela azpimarratu du Josu Labaka Azpeitiko Udaleko zinegotziak. Besteak beste, hori mantentzea dutela aurtengo xede azaldu dute ordezkariek. "Bereziki euskal kultura bultzatzea" da aurtengo egitarauaren helburua, Izaro Zinkunegi Kultur Mahaiko ordezkariaren arabera, eta hori lortzeko, "programa anintza, jarraia eta oparoa" antolatu dute aurtengorako. Egitauaren ardatza, berriz, "elkarlana eta parte hartzea" direla adierazi du. 2017ko programazioaren aurrerapena 2016ak "fruitu oparoa" eman ostean, 2017ko programazioa "indartsua" izango dela azaldu du Xabier Aranbarri Kulturazeko kudeatzaileak. Hitzarmenak Azpeitiko jaien aurreko asteburuetan kontzertuak izango direla dio, besteak beste. Asteburu honetan Oskarbiren kontzertua izango da Soreasu Antzokian, eta datorren astean Hesian eta Guda dantza Sanagustin kulturgunean. Hilaren 17an Malmö antzerkia izango da Soreasun. Hurrengo egunean, berriz, Fuel Fandango eta Dj Chelisek hartuko dute gaua. Martxoa ere "gogotsu" datorrela adierazi du Aranbarrik. 2017ko aurrekontua 301.000 eurokoa da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide