Orain urte batzutako irudian, Matxinbentan kantuan (Ibon Errazu/Hitza)
Ostiralean, hilaren 2an, hasiko dira Santa Ageda festak Matxinbentan, eta igandera arte egongo da zer egin.
Suziriak botaz hasiko dituzte aurtengo jaiak, eta, ondoren, mus txapelketa jokatuko dute Beheko tabernan, 22:00etan. Interesdunek orduerdi lehenago eman beharko dute izena eta bikoteko 20 euro ordaindu beharko dute. Irabazleek 200 euro eta txapela bana irabaziko dituzte. Bigarren gelditzen den bikoteak arkumea eta bi ardo botila eskuratuko dituzte etxera, eta, hirugarrenak, bi oilasko eta bi txanpain botila.
Santa Ageda bezperan, larunbatean, eskera aterako dira auzotarrak Juanjoxe Loidisaletxe eta Iban Urdangarin bertsolariekin zein Laja eta Izer trikitilariekin batera. Arratsaldean ere izango da zertaz gozatu. 17:30ean Ekain Txou ikuskizuna eskainiko du Ekain Ibargurenek, eta, horren ostean, txokolada egingo dute gerturatzen direnek. Arratsalde osoan zehar puzgarriak egongo dira haurrentzat. Gauean, Iker Zubeldiarekin eta Beñat Lizasorekin bertso afaria izango da. Afarirako txartelak Beheko tabernan edo 943-88 63 15 telefonora deituta erreserbatu beharko dira, aurrez.
Festak igandean amaituko dira. Goizean, goiz eresia egingo dute txistulariekin, eta Azpeitiko jubilatuen koruaren eskutik meza izango da 11:00etan. Ondoren, itxulapiko puskatzea egingo dute. 11:45ak aldera pilota partidak izango dira Azpeitiko Ilunpe elkarteko pilotariekin. Herri kirolek hartuko dute eguerdia, 12:45ean: Otaño eta Julen Alberdi
Txikiya IV.a
aizkolariak egurra mozten arituko dira eta harri jasotzen Mendibil eta Jexux Mari Iruretagoiena
Izeta III.a. Herri kirolak eta gero, Matxinbentako otarrearen zozketa egingo dute. Egun osoan zehar Itzeder eta Txibilter trikitilariek izango dira Matxinbentan, auzoa girotzen.