Agustin Jimenez: "Erakunde guztietan adierazi digute babesa, sortu da gure aldeko posizionamendu bat"

Uztarria.Eus 2017ko urtarrilaren 31

Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiak 24. edizioa harrapatuko du aurten, apirilaren 1ean; Interneten izen-ematea martxan da joan den astetik, eta gaurtik aurrera baita ohiko dendetan ere. Urterokoez gain, aurten buruhauste berri bat sortu zaie antolatzaileei, eta ez da txikia: Donostiako maratoi erdiak ezustean data aldatu eta apirilaren 2an egingo dute, Diego Garciaren omenezkoaren biharamunean. "Egoera bada nahiko larria", aitortu du Agustin Jimenez antolakuntzako kideak. Horretaz eta lasterketaren gaineko kontu gehiagotaz hitz egin du Jimenezek Uztarriarekin.

Bi hilabete falta dira aurtengo maratoi erdirako. Antolakuntzari dagokionez, zer eginkizun izaten dituzue azken txanpa horretan? Aurten asko, ibilbide osoa homologatu behar delako. Baina lehendabiziko kontua kartela bukatzea da. Urteroko babesleekin ari gara hitz egiten eta, horiekin adostasunak lortutakoan, behin betiko kartela argitaratuko dugu. Izen-emate prozesuaren jarraipena egitea ere tokatuko zaigu, eta elkarlan akordioak lotzea. Gasteizko maratoiarekin hitz eginda gaude jada, akordioa ixtea bakarrik falta zaigu, iaz egin genuen antzeko elkarlana egiteko; aurten, gainera, Donostiako Udaberriko lasterketarekin ere antzeko akordioa ixtea nahi dugu. Horiez gain, urteroko eginkizunak izango ditugu: Trafikora baimenak eskatzea, ertzainekin eta udaltzainekin koordinazio bilerak egitea... Prestatu dugun ibilbide berriak abantailak izango ditu haien lanerako, hala uste dugu, Azkoititik Azpeitirako bidean errepidea ez dugulako ukituko, bidegorritik izango da dena. Eta, gure eginkizunetara bueltatuz, urtero bezala lasterketari ahalik eta zabalkunde handiena ematea tokatuko zaigu, promozio lana, ahalik eta jende gehiena etortzea baita gure helburua. Zenbat jende zaudete antolakuntzaz arduratzen den taldean? Hamaika lagun gara. Jendaurreko lana, gehien bat, hiruk egiten dugu: Maialen Etxanizek, nire anaia Xantik eta neuk. Beste zortzietatik gehienak lehenengo edizioetatik lanean ari direnak dira, eta egundoko lana egiten dute denen artean. Bakoitzak bere funtzioak dauzka eta izugarria da, lasterketa egunean, nola kontrolatzen dituzten gauzak, bakoitzak zer eta nola egin behar dituen. Denbora gutxiena damarkigunak anaia eta ni gara; atletismoaren munduan ibiltzen ginen eta jendea behar zela-eta sartu ginen. Orain ere behar da jendea eta ea hurbiltzen zaizkigun, Xeye taldetik eta, erreleboa ere behar delako. Lan nekosoa da, borondatezkoa, norberaren lanorduetatik kanpo egin behar izaten dena, batzuetan baita lanorduak horretarako hartu eta gero berreskuratuta ere. Baina lasterketa polita da eta uste dut denok gustura egiten dugula egiten duguna. Elkarrizketa osorik, Uztarria.eus-en irakur daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide