Goya sarietarako irudi finalista (Xanti Rodriguez)
Xanti Rodriguez (Azpeitia, 1978) argazkilari azpeitiarra esku hutsik itzuli da 2017ko argazkilaritzako Goya Sarietako finaletik. Larunbatean egin zuen Aragoiko Argazkilari Profesionalen Elkarteak (AFPA) sari banaketa ekitaldia Zaragozan (Aragoi, Espainia), eta Rodriguezek ezin izan zuen 2015ean jasotako saria berretsi.
Sorkuntza Librea arloan aukeratu zuten Rodriguezen irudia finalerako. Ez zen, baina, azpeitiarra argazkilaritzako Goya sarien finalera sailkatzen zen lehen aldia; izan ere, 2015ean Publizitate arloko Goya jaso zuen Rodriguezek, Azpeitiko Topa tabernarentzat egindako diseinu-proiektuaren barruko argitaratu gabeko lan bati esker. 2011n eta 2013an, berriz, Goya saria eskuratzeko atarian geratu zen azpeitiarra.