Emakume izeneko aurreneko plaza Azpeitian, Balentina Agirre Elorzaren omenez

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 28a

Gaur, urtarrilak 28, Azpeitiko kale izendegiaren historian egun berezia da; izan ere, gaurtik aurrera emakume baten izena gehituko da kale izendegian, Balentina Agirre Elorza (Azpeitia, 1918-1987) azpeitiar emaginaren izena, hain zuzen. Joan den azaroko udalbatzarrean aho batez onartu zuten Artzubia, Jose Artetxe eta Ildefonso Gurrutxaga kaleen arteko jolas parkea dagoen plazari Balentina Agirre Elorza izena ematea, udalak herriko memoria berreskuratzeko eta emakumeen izenak kale izendegian presentzia izateko hartutako konpromisoaren haritik, eta, gaur, zapatua, egin dute plaza izendatzeko ekitaldia. Bertan izan dira, besteak beste, Agirreren senideak, udal ordezkariak eta dozenaka herritar. Maite Franko ipuin kontalariak eman dio hasiera ekitaldiari, Balentina Agirreren bizitzako hainbat zertzelada kontatuz. Adi-adi entzun dituzte Agirreren bizitzako pasadizoak ekitaldira bertaratu diren ehundik gora lagunek. Adorea eta kemena izan dira Frankok azpimarratu dituen bi hitz Agirreren bizitzan zehar errepasoa egitean, eta izenak izana ekarri ziola esan du, "ausarta baitzen Balentina, beldurrek ametsak galarazi ez zizkiotena". Kantu-jirako kideek jarri diote musika gaurko ekitaldiari, eta papera eskuetan eta ahotsak finduta, Konplize ditut denak abestiaren koplak abestu dituzte, Balentina Agirre Elorza plaza izendatzeko ekitaldira hurbildu diren herritarrekin batera. Hona hemen ekitaldiko argazki batzuk: Jarraitu albistea irakurtzen eta ikusi irudi gehiago Uztarria.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide